Joxemari Ostolaza
Guztiak ez dira berdinak. Hiltze oro ere ez. Puntako kirolari andanak ustekabean uzten du mundua bere jardunean. Lan istripuak. Guztiak ez dira telebisatuak. Aldamiotik erori, aszensoreetako hutsuneetatik jausi. Hauek ez dute izenik, zoritxarreko langileak ditugu. Gehiengoa gutxitua. Antonio Puerta Sevillako futbolariaren hiltzeak bere ondorioak ekarri ditu. Kirolarien bihotza aztertuko duen SportChip izeneko protokoloa aurkeztu du SabioBBi laborategiak. Txuaren eta odolaren bidez, aztertu omen ditzake hamazazpi bat gen batera, tartean bereziki arritmia hilgarriak eragin dezakeena. Horrela, kirolari gaztetan ezagutzen dira joera genetikoak eta aurreikusi litezke bere arriskuak puntako esfortzuetan. Nago, eliteko jardunetatik at ez dugula test hori ezagutuko, maila lokaletan prestakuntza fisikoa nolakoa den ikusita sinestezina baitzait minimoak betetzen ez diren lekutan horrelako sistematizazioa sozializatzea. Gehiengoa gutxitua hemen ere. Ezina zait irudikatzea herri klubetan, fisiologorik ez dagoen eremutan, honetarako prestatua legokeen kardiologorik ikustea aldageletako kide. Areago, honetaz kezkatuta arduratuko litzakeen zuzendaritzarik. Jakina, telebistatik at ez dago mundurik, eta balego, informatiboetako istripuen saila betetzeko litzateke.