argia.eus
INPRIMATU
Munduko kopa furgoneta baten truke
  • Euskalorros en el Mundial de Fútbol. ¡Liando pollos!
    Abarrots / TMEO (Ezten Kultur Taldea)
    68 orrialde (koloretan). 28x20 cm. Euskalorros en el Mundial de Fútbol komiki luzeaz gain, laburragoak diren beste istorio batzuk ere biltzen ditu. 6 euro.
Jon Torner Zabala @jtorner 2007ko irailaren 16a
Euskalorros
'Euskalorros en el Mundial de Fútbol. ¡Liando pollos!' komikiaren azala
1987ko uztailaren 7a. Zenbait fanzinetan kolaboratzen zuten marrazkilariek TMEO komikiaren lehenengo zenbakia banatu zuten Iruñean. Kritika soziala eta umore garratza uztartzen zuten komikigileek euren istorioetan, eta hala jarraitzen dute 20 urte beranduago. Kolaboratzaileen zerrenda aldatu egin da, baina funtsean, TMEO aldizkariak 1987ko San Fermin egunean kaleratutako komiki horren izaera gaiztoari zintzo eusten dio. “Kaleratu”. Berba horrek ederki islatzen du TMEOren jarduna. Kalea du inspirazio iturri, eta kalea helburu. Bi hilean behin 5.000 ale banatzen dituzte (gehienak Euskal Herrian), batez ere taberna eta gaztetxeetan. Bosgarren urtetik aurrera Gasteizen inprimatzen hasi ziren eta hortxe jarraitzen du oraindik, Herreria kaleko egoitzan. Gaur egun Ezten Kultur Taldeak argitaratzen du.

Urte hauetan guztietan, 100. zenbakira bidean doan komikiaz gain, 30 bilduma publikatu ditu TMEOk. Abarrots marrazkilariaren Euskalorros en el Mundial de Fútbol. ¡Liando pollos! 28.ena da. Iaz argitaratu zuen, Alemanian jokatutako Munduko Futbol Txapelketa hasi baino lehen. Argumentuak badu antzekotasunik Francisco Ibañez marrazkilariak sortutako Mortadelo eta Filemon agente sekretuen abenturekin. Hura ere sarri baliatu da kirol ekitaldi erraldoiez agente trakets biak egoera absurduetan jartzeko. Euskalorroen banda osatzen duten ijitoek ordea, misio arras desberdina dute. Euren egitekoa ez da txapelketaren ordena bermatzea, hura saboteatzea baizik. “Frantzia hegoaldean” ezkutatzen den komando bateko kideei zin egin diete euren aldarrikapenak mundu osoan ezagutuko dituztela, eta nahi izanez gero, urrezko kopa Euskal Herrira ekarriko dutela. Hori lortzeko eta, bide batez, buruan dituzten zenbait proiektu aurrera ateratzeko, Euskalorroak gai dira arbitroak mehatxatzeko, poliziei erasotzeko, Mexikoko eta Txinako selekzioetan infiltratzeko... autoreak dioen moduan, beti dabiltza “polloak liachen”.

Abarrotsen marrazkiak trazu azkarrekoak dira, guztiz definitu gabeak. Dena den, istorioari bizitasun handia ematen diote, Alvarez Rabo komikigile beteranoaren marrazkiekin gertatzen den bezala. Euskalorroek darabilten hizkerak, gainera, bizitasun hori areagotu egiten du, istorioari umore ukitu ederra emateaz gain. Futbola dibertigarria eta politikoki lotsagabea izan daitekeela argi utzi digu Abarrotsek.