argia.eus
INPRIMATU
Keike
"Disko honetan ahots eta instrumentuen artean oreka handiagoa dago"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 03a
Keike
Keike

Hain gaizki ikusten duzue gizateria? Hain urrun gaude argitik, itxaropenetik?


Nereak egin ditu hitz gehienak. Egoera gogorrak kontatzen ditugu, baina bukaeran positibotasuna eta argitasuna ageri dira. Disko hau positiboagoa da, eta iluntasunaren atzean argitasuna erakusten du.

Zer eman dio Jauko Barikeko Itsasok taldeari?


Itsaso sartu zen diskoko abesti erdiak eginak zeudenean. Asko inplikatu da konposatzen, ardurak hartzen… eta fundamentua ekarri du taldera zuzenekoak prestatzeko, merchandisinga hobeto lantzeko…

Aurreko lana Elkarren estudioan grabatu zenuten. Hau, berriz, Ondarroan, Santos anaiekin. Emaitzarekin gustura?


Disko honekin gusturago geratu gara, taldearen nortasuna hobeto islatzen duelako. Elkarren baliabide tekniko gehiago genituen, baina gure ezagutza txikiagoa zen. Santos anaiekin, berriz, baliabide tekniko gutxiago izan arren, askoz erosoago egon gara, eta Mikel Santosek hobeto interpretatu gaitu.

Diskoan estilo mota asko batu dituzue. Denetatik entzuten duzue edo gustu oso desberdinak dituzue?


Berez disko hau rockeroagoa da. Taldekideok gustu nahiko antzekoak ditugu, baina zabalak. Lokalera riffen batzuk ekarri, bertan landu, eta Nereak ahotsak eta hitzak asmatzen ditu.

Nereak lan handia egin du ahotsarekin riff eta erritmo gogorrak goxotzen eta beste batzuetan emaitza garrazten…


Disko honetan ahots eta instrumentuen artean oreka handiagoa dago. Ahots gutxiago sartu dugu, hobeto pentsatu baitugu noiz eta zelan sartu.

Keikeren leloa da “gauzak gaur egitea”?


Leloetako bat da momentua bizitzea eta musikak eskaintzen dizkigun uneak aprobetxatzea. Lokalean eta zuzenekoetan ahalik gusturen egotea.

Zeintzuk dira “errudun jaioak”?


Etorkinak. Gurea ez den leku batean jaiotakoek sufritu beharra dute. Zori kontu bategatik, hemen jaio edo beste leku batean, zelan aldatzen diren gauzak.