argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko irailaren 16a

Miren Iza hondarribiarra buru duen Tulsa taldea Grammy Latinoak saria irabazteko hautagaia da, Artista Berrien atalean, Sólo me has rozado bere estreinako diskoari esker. Azaroaren 8an banatuko dituzte Grammy sariak Las Vegasen (AEB). Tulsa taldea MTV sarietarako ere hautatu dute, Europako Soinu Berriak atalean. Sari horien irabazleak azaroaren 1ean Munichen (Alemania) egingo den galan ezagutaraziko dituzte.

 

Eduardo Chillida eskultoreak, Luis Peña Gantxegi arkitektoak eta Jose Maria Elosegi ingeniariak 1977an amaitu zituzten Donostiako Haizearen Orrazia obra eta haren ingurunea, baina ez ziren sekula ofizialki inauguratu. Hogeita hamar urte geroago, irailaren 16an, egingo da inaugurazio-omenaldi ekitaldia.

 
 

Alberto Iglesias musikagile donostiarrak Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema Saria jasoko du, bere ibilbide osoan egindako lanagatik. Alberto Iglesiasek Julio Medem eta Pedro Almodovarren film askotako musikak egin ditu, eta Montxo Armendariz eta Imanol Uriberekin ere aritu da lanean. Saria hilaren 22an jasoko du Donostiako Zinemaldian egingo den ekitaldian.

 

Juan Armentia argazkilari bilbotarrak Artea izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Contraluz galerian. Zezenketaren inguruko formatu txikiko irudiak bildu ditu Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidenteak. Erakusketa hilaren 30 arte izango da ikusgai.

 
 

Ortzai Antzerki Laborategiak Gasteizko alde zaharrean izango du egoitza berria, Arkeologia museoaren alboan. Ortzai 2005eko urrian sortu zen, Iker Ortiz de Zarateren zuzendaritzapean. Egun, hogei ikaslek jasotzen dituzte bertan antzerki eskolak.