Jakes BortairuDani Blanco
Instituzioen aldetik berriz, Hizkuntza Kontseiluaren entseiuaren ondotik (2001/2004) hizkuntza politikaz arduratzeko lehen egitura publikoa sortu zen 2005ean, Euskararen Erakunde Publikoa (EPP) hain zuzen. Honek euskara sustatzeko politika bat aurkeztu du, eta besteak beste, Euskal Konfederazioari lekukoa hartuz, Herriko Etxeetan normalizazio ardura bereganatu du, jarraitzeko eta hedatzeko asmoz. Joan den udaberrian haren presidenteak eta prefetak gutun elebiduna igorri diete auzapez guztiei, Herriko Etxeko bizitzako alor guztietan euskararen erabilera posible dela baieztatzeko, azken urteetan han-hemenka errepikatzen ziren zalantza eta kezkak uxatuz. Azkenik hizkuntza teknikariaren figura sortu eta hedatzen ari da herri mailan, zeinetan gero eta eskumen gehiago hartzen dituzten herri elkargoetan. Hendaiaren ondotik, Baiona eta Miarritzeko herri nagusiek bat-bedera hartu dute, Iparraldeko beste herri gehienek biltzen dituzten hiru herri elkargoak bezala.
Panorama berri honetatik argi gelditzen da herria edota herri elkargoa hizkuntzaren normalizaziorako maila garrantzitsu eta eraginkorrak bilakatu direla. Tokiko administrazioaren jarduera eta jendartearen dinamika uztartzeko eremu egokia da alde batetik. Bestalde, Iparraldeko instituzio berezia lortu bitartean, Herriko Etxeak erakunde erabakigarriak dira hizkuntzaren normalizazio politikak abian jartzeko, nahiz eta euskarari legezko ezagupena oraindik eskas zaion. Azkenik Frantziako Estatuko politika erasokor edo borondate eskasaren salaketan itotzeko arriskua saihestuz, lan ildo esperantzagarria ireki da de factoko ofizialtasunari eta bizitza sozialean hizkuntzaren erabilpenari begira.
Egoera honetan pentsa daiteke euskararen gaiak lehen baino leku gehiago izanen duela hauteskunde kanpainan. Euskalgintzako herri mugimenduek interpelazio zuzena luzatu beharko diete alderdi guztiei beren programa politikoetan gaia sar dezaten, hizkuntzaren normalizazio bidean engaiamendu eta neurri konkretuak zehaztuz eta ez betiko lelo hutsak errepikatuz. Horrela, azken sei urteetako ibilbidea ikusirik, herri hauteskunde hauek etapa berri baten hasiera bilakatzen ahalko dira, orain arteko lorpenak iraunarazteko, herri gehiago inplikatzeko eta hizkuntza normalizazioan sakontzeko.