Julen ZabaloIñigo Azkona
Izan ere, espainiar nazionalismoaren konnotaziorik gabe, ezin da ulertu Nafarroan gertatu dena; pentsa ezina egingo litzaiguke gauza bera beste autonomia erkidego batean gertatzea, EAEn salbu. Interes politikoa nazio interesarekin batera joatea –eta ez interes politikoa nazionalaren pean, euskal nazionalismoak batzuetan nahi duen bezala– da nazio itunaren ezaugarria, eta itunaren aldeko indarrek ondo jakin dute zer egin behar zen, bai alderdiek zein komunikabideek.
Hala ere, eztabaida handirik piztu ez den arren, Lizarra-Garazikoak bezala, Estella-Madrid itun honek arazo eta auzi berberak planteatzen ditu –gehi beste batzuk–, oraindik ebatzi gabe geratzen direnak. Horietako bat nazio frontearen ideiari dagokio, eta berari loturik joaten den gizarte zatiketaren arriskua. Arrisku larria, gizarte baten geroa luzaro marka dezakeena eta alde baten garaipenaz konpontzen ez dena. Nazio gatazka eta nazionalismo indartsuak egonik, bestalde, saihets ezina da nazio konfrontazioa, Nafarroan batzuetan ikusi nahi ez den arren. Beraz, nazio konfrontazio politikoari uko egin behar izan gabe, mesedegarria izango litzateke Euskal Herriak duen gatazka politikoari aurre egiteko, herritar guztien iritzia jasoko lukeen itun bat proposatzea, momentuan behintzat nazio gatazkaz gain egongo litzatekeena.