Erne! Txina badator

  • Sarri esan ohi da, krisi egoerek sormena iratzartzen dutela. Berdintsu gertatzen da muturreko egoeretan edo ustekabeko aldaketak jasatean ere. Egoera berria ulertu edo begiratzeko sormena izaten da ihesbide egokiena. Txina iratzartzen ari den erraldoia omen da, etengabeko aldaketak jasaten ari den eta kontraste izugarriak bizi dituen gizartea; eraldaketa horiek guztiek beren isla dute gizarteko eta kulturako esparru guztietan eta, nola ez, baita artean ere. Azalberritzen ari den lurralde horretako ikuspegi garaikideak, argazki formatuan, ikusgai daude azken hilabeteotan Gasteizko Artiumen, Zhù Yí! (Erne!) Txinako argazkigintza garaikidea izenburupean.
Zhù Yí!
'Zhù Yí! Txinako argazkigintza garaikidea' erakusketan ikusgai dagoen obra
Azken urteetan oso ohiko bilakatzen ari dira Mendebaldekoak ez diren lurraldeei buruzko erakusketak: artea, gastronomia, historia... Museo eta kultur zentro handietan gisa horretako erakusketak antolatzeko joera zabaltzen ari da. Urrutira joan gabe, Bilboko Guggenheim Museoak, esate baterako, Afrikako arte garaikideari eskainitako erakusketa handia antolatu zuen iaz. Horrelako erakusketek sentimendu kontrajarriak piztu ditzakete. Alde batetik globalizazioak munduko zokorik urrunenak ere esku-eskura jarri dizkigun honetan, erabat ezezagun zaizkigun herri eta kulturetan sortzen dutenari buruz ikasteko aukera ematen digute; horrela, “Mendebaldeko kultura” deitzen diogun horri, hain beharrezko dituen irudi, ideia eta ikuspegi berriak eskainiz. Baina bestetik, erakusketa hauen atzean ez da falta exotikoa eta ezberdina dena bilatu nahia; duela zenbait mende europarrek “deskubritu” zituzten lurraldeak berriz “deskubritu” nahia, oraingoan artearen ikuspegitik.

Artiumeko erakusketak argazkilaritza du ardatz eta 1994 eta 2006 urteen artean Txinako 33 artista gaztek sortutako 140 lan biltzen ditu. Nahiz eta lanok dokumental erako argazkilaritzarekin lotura zuzenik ez izan, erakusketak, osotasunean, argi ematen digu lurraldearen berri, 140 lan horiek Txina garaikidearen argazki bakarra balira bezala. Lurraldearen ikuspegi zabala eskaintzeko asmoaren berri erakusketaren antolaketak ere ematen du, gaikako ataletan antolatua baitago. Garbi geratzen da helburua 33 artista horien berri emateaz gain, Txinak bizi duen une konplexu honetan zenbait gairen inguruan artista horien ikuspuntua islatzea dela. Azken hamarkadetan Txinak jasan dituen eraldaketa sakonek duela gutxi arteko gizarte egitura tradizionala hankaz gora bota dute eta bertako biztanleei ez zaie mundu berri horretara egokitzea beste aukerarik geratu. Egokitzapen horretan funtsezko diren ikuspuntuak lantzen ditu erakusketaren gaikako banaketa horrek: antzinako kulturarekiko lotura, nortasunaren eraikuntza, gizabanakoaren lekua testuinguru horretan, garapen ekonomikoak gizartean eta hirietan izan duen eragina eta kontsumo gizarte berriaren iritsiera.

Atzera begira aurrera egiteko

Bost gai horien atzean, baina, etengabe gai bera errepikatzen da: bi munduren arteko talka, hain zuzen ere. Ia artista guztiek, modu batean edo bestean, arazo horri heltzen diote: nola orekatu tradizioa eta gizarte garaikidearen arteko harremana? Non daude bataren eta bestearen onurak eta kalteak? Eta zurrunbilo horretan guztian non eta nola kokatzen da gizabanakoa?

Tradizioaren eta egungo munduaren arteko borroka horri heltzeko, erakusketan dauden zenbait artistek historiaren errebisiora jo dute, hau da, atzera jo dute aurrera egin ahal izateko. Artista batzuek, Miao Xiaochunek esate baterako, atzera begiratze horretan, milaka urte dituzten eta gaur egun ere bizirik dirauten gizarte arau tradizional sakonak egungo mundura nola egokitu litezkeen galdetzen du bere argazkien bidez. Hala, serie bereko hainbat argazki daude erakusketa osoan zehar banatuta, eta guztietan hiriko paisaiaren barruan gizarte tradizionala irudikatzen duen pertsonaia baten manikia kokatu du, elkarrengandik oso urrun dauden eta elkarbizitza zaila duten bi gizarte sistemen arteko arazoa islatuz.

Beste kasu batzuetan, denboran gertuago dagoen historia da artistek berrikusten dutena, azken hamarkadetako gertaera sozial eta politikoak hain zuzen. Horien artean aipagarria da Hong Haoren lana: garai ezberdinetako objektu pilaketekin osatzen ditu bere argazkiak (afixak, liburuak, kontzertuetako sarrerak, bidaia txartelak, eta abar) eta eguneroko bizitzako elementu horiek gizartean gertatutako eraldaketen berri ematen digute modu oso zuzen eta bisualean.

Mundu berrira ohitzen

Erakusketako ataletako batek Nortasuna du izena. Antzinako tradizioek izugarrizko pisua duten lekuan, eta aldaketa politiko eta ekonomikoak “betiko” gizarte hura albo batera utzi duten unean, behar-beharrezko ikusten dute zenbait artistek norbanakoaren identitateari buruzko gogoeta. Artista hauetariko askok performancea erabiltzen dute arte adierazpide gisa eta erakusketan topa ditzakegun lanak ekintza horien dokumentazioa dira. Atal honetan aipagarria da emakumeen presentzia. Emakumeak ia ikusezin bilakatu izan dituen gizartean ez da erraza emakumeentzat beraien burua subjektu sortzaile gisa aurkitzea. Nortasunaren eta generoaren eraikuntzarekin loturik Chen Lingyang-en lana interesgarria da, bere gordinean. Askatasun aldarri gisa eta oraindik ere erroturik dauden tabu askori aurre egin asmoz, egutegi bat aurkeztu du hamabi argazkitan. Bakoitzean artistaren beraren sexua agertzen da odol jario, hilekoa duela, alboan lore batekin.

Ibilbideko azken atalak Txinak azken urteetan jasan dituen aldaketa politiko eta ekonomikoei eskainiak daude; aldaketa horiek ekarri dituzten ondorioei eskainiak, zehazki. Neurri gabe hazi diren hiriak, garapen ekonomiko bizkorra, kontsumismo basatia... Garai bateko gizarte egitura hankaz gora jarri duten aldaketak izan dira. Batzuek nahiko modu ironikoan begiratzen diote “garapenak” ekarri dituen ondorioei eta beste zenbaitek aldiz, ihesbide moduan naturaren irudi ia fantasiazkoetara jotzen dute.
Hasieran aipatu bezala gisa honetako erakusketek izan ditzaketen konnotazioak alde batera utziz, Gasteizkoa erakusketa interesgarria da eta Txinako artearen ikuspegi polita eskaintzen du. Gaikako banaketak gidari lanak egiten ditu, eta ikusleak jasotzen duen informazioa buruan atalka gordetzen laguntzen du. Nahiz eta osatuagoa, ordenatuagoa eta, seguru asko, hobea ere izan zitekeen, amaieran egungo Txinaz eta bertan egiten den arteaz zerbait ikasi izanaren sentsazioarekin joan gara etxera.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude