Bertzetasunean, bat

  • Andeak eta Amazonas arteko ibai bazter batzuetan, Nantu izenarekin ezagutzen den herri bat dago. Detaile txiki bat, halere: bertzeek jarri diete izen hori; beraiek euren buruari deitzeko “jende”, “pertsona”, “herri”, erranahi duen bertzelako izena dute, bitxiki bertzeoi jakinarazi nahi ez diguten izen bat (Sarrionandiak ekartzen digu adibidea Lagun izoztua nobelan).
Bixente Serrano Izko
Bixente Serrano IzkoJosu Santesteban
Amerikan ere bai, u'wa izeneko indioak daude, eta “pentsatzen duena” erranahi du u'wa erramoldeak, Eduardo Galeanok dioenez. Bibliako lehen gizakiaren izenak, Adam horrek alegia, zer eta “gizon” eta “judu” –hau da, “judu”=“gizon”– ei du esangura. Egiptoarrek, faraoien garaietako haiek, kmt bezala ezagutzen zuten euren burua; “beltza” erran gura zuen izenak, eta “zibilizatu” kontzeptuaren sinonimo gisa ulertzen omen zuten kolore hori. Aka izeneko tribuak “jende” erranahiko auto-izendapena du. Adibide gehiago ekartzen ditu Xabier Zabaltzak: khoikhoiak (hotentoteak), ainuak, inuitak (eskimalak), bantuak…, bakoitzak bere hizkuntzan “jende” erran gura duena; magyarrak eta mansiak, “jende” edo “hitz egin” erranahiko izenekin auto-ezagutzen dira. Adibide horiek eta bertze ugarik oihartzuna izan dute Juan Luis Arsuagarengan, Al otro lado de la niebla eleberrian; bertan aurkezten digun giza komunitate “bakoitzak bere buruari Gizon, edo Herri, edo Jende” deitzen dio, “Ez-jende edo Arrotz izenekin” deitzen dielarik, ordea, bertzeei. Ezagunagoa zaigu greziar eta erromatar klasikoen “barbaro” izendapena beraiek ez bertze guztiei deitzeko, hots, haien aburuz totelka-edo hitz egiten zutenei –hitz egiten ez zekitenei– deitzeko. Euskaldunok ere “erdaldunak” ditugu erdaraz –erdi-hizkuntzaz– egiten digutenak.

Bitxiak dira kontu horiek guztiak eta mereziko luke ikerketa antropologiko kulturala. Izatez, gogoeta anitz egin dira horren harira. Errazenak kutsu moralekoak ditugu: giza erkidego guztien berekoikerian oinarrituak, adibidez. Horren arabera, komunitate guztiok dugu joera hori, esklusibotasun halako batekin geure burua soilik jendetzat hartzeko, eta bertze guztiak, arrotz gisa, ez-jendetzat jotzeko, gu ez direnen kontrako –“bertzetasunaren” kontrako– etsaigo amorratuak eramanda. Alta, moralistegia deritzot uste horri: jendeok, berez, gaiztoa izanen bagina bezala. Hori baino logikoago zait kategoria moraletatik kanpo dagoen beldurrari leporatzea: ezezagunaren, bertzearen, “bertzetasunaren” aurreko beldurrari leporatzea printzipioz. Bai eta isolamenduari ere, Xabier Zabaltzak apuntatzen duen bezala.

Paradoxa polita ekartzen digu, gainera, bertze ikuspuntu honek, identitate eta herri-izendapena historiaren hari galduetan ezkutaturiko taldeen isolamenduarekin lotzen duena, edo/eta giza historia osoan gaur arte eragile izan dugun –eta dugun– beldurrarekin, “bertzetasunaren” aurreko beldurrarekin. Izan ere, nola ez zuten usteko talde isolatu bateko kideek beraiek bakarrik zirela jende, eta inguratzen zituen guztia –naturaleza– ez-jende? Nola ez zuten usteko bertze horiek ere zirela naturalezako bertze mehatxu bat gehiago, ez-jende, bertze giza talde ezezagun batekin topo egitean ehizatan eta haratustel edo sasitza bila elkarren lehian ibili behar hartan? Horra hor paradoxa: giza talde desberdinek, nork bere buruari “jende”-edo erranahi komuneko izen desberdinak egokitzean, gizakiak guztiak espezie bakarrekoak zirela aitortzen zuten bidenabar.

Ai ene, banengoen beldur: “bertzetasunak” batzen gaitu. Zertan, giza izaeran ala natur mehatxuan, zuk zeuk hauta, ene irakurle gogokide/ezkide hori.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude