Gau hartan lehen klaseko kartak 10 plater zituen: izokina muselina saltsan, arkume errea mentarekin eta waldorf tarta ederra, besteak beste. Kapitaina buru zuen mahaiak afari are bereziagoa izan zuen. Menua Auguste Escoffier-ek aukeratua zen, Belle Époqueko guru gastronomikoak. Ostruka arrautzak kabiarrarekin, thermidor otarraina eta sorpresadun laranjak jan zituzten pribilegiatuenek.
1985ean aurkitu zituzten kartak itsasontziaren arrastoen artean eta, hondoratze ezagunaren inguruko azken filman, James Cameron zuzendariak menuetako platerak xehetasun osoz kopiatzeko eskatu zuen. Film sarituan klaseen arteko aldea nabarmendu nahi izan zuten, baina benetan alde hori ez zen hainbestekoa izan gastronomiari dagokionez; ez lehorrean baino handiagoa behintzat. Azken afari horretan hirugarren klaseko bidaiariek txahal-ragua eskabetxean jan zuten, tipulaz lagunduta. Garai hartan ontzietan ohikoena bidaiari pobreenei otordurik ez ematea zen, hots, jakiak eurekin eraman behar zituzten bidaia osorako. Lehorrean baino kalitate eta kantitate handiagoan jan zuten, beraz.
Orotara, 40 sukalde zeuzkan ontziak, 100 bat sukaldari eta 2.228 pertsonentzako jaki eta edariak gordetzeko hotz-ganbera erraldoia. Southamptongo portutik irten baino lehen itsasontziko sotoak lepo bete zituzten: 37,5 tona okel fresko, 5,5 tona arrain fresko, 25.000 hegazti, 40.000 arrautza, 40 tona patata, 36.000 laranja, 3 tona gurin, 6.750 litro esne, 875 kilo izozki, 15.000 garagardo botila… Titaniceko baxerak 57.600 pieza zituen, eta kuberteriak 44.000.
Izeberrak 23:40etan jo zuen Titanicen kaskoa. Ternua inguruko ur hotzetan amaitu zutenentzat digestioa ez zen ederra izango. Eta eskerrak bizirik irten ziren 705 bidaiariak berehala erreskatatu zituzten, bestela “tragedia” are handiagoa izango zen. Ederki jaten ohituta nonbait, bizirik irten zirenetako batek (lehen klasekoa zen, noski) zera esan zuen: “Ez geneukan urik, ezta galleta bakar bat ere”.