Balora ezazu egin duzuen ikerketa.
Emaitzak behin-behinekoak dira eta baliteke inoiz ere zehaztasunez ez jakitea zenbat pertsona hil zituzten Hernanin. Ez genuke haien senitartekoen itxaropena inolaz ere desagerrarazi nahi, ezta gure lana gutxietsi ere. Hernanin hildako eta lurperatutako pertsonen kopururik handiena identifikatzea genuen helburu. Gure eskura zeuden iturri guztiak erabili ditugulakoan gaude. 129 izen bildu ditugu, haien adina, egoera zibila, generoa, jatorri geografikoa, ogibidea eta lerrokatze politikoaren azterketa egin dugu; baita zein egoerak eraman zituen heriotzara ere. Gure ustez, Hernanin hildako gehienek ez zituzten gutxieneko berme prozesalak izan. Hau da, ez ziren epaituak izan eta beren heriotza ilegalki erabaki zen. Beraz...
Ez dago dokumentaziorik?
Gertatutakoari buruzko dokumentazio eza da Hernaniko kasuak dokumentuen ikuspuntutik eskaintzen duen ezaugarri nagusia. Ez agiritegi zibilek, ez militarrek ez eta erlijiosoek ere ez dute ehunka pertsonaren atxiloketa, espetxeratze eta ondorengo hilketen inguruko dokumentaziorik gorde.
Hernanin zortzi apaiz hil zituzten, Aitzol tartean. Elizak ere ez al dizue zuen lanean lagundu?
Ezin izan ditugu Eliza Katolikoaren agiri ofizialak kontsultatu, bere araudiek, salbuespenak salbuespen, informazioa sortu zenetik 75 urte igaro arte ezingo dela kontsultatu xedatzen dutelako, eta 70 urte besterik ez da igaro Gerra Zibila hasi zenetik gaur arte. Gasteizko Elizbarrutiko Artxiboak eta Iruñekoak ere ateak itxirik dituzte ikertzaileentzat.