argia.eus
INPRIMATU
Zientzia
Emakumeen bihotza, espaziorako egokiagoa
  • Suni Williams astronauta estatubatuarrak aurten hainbat errekor egin ditu, hala nola espazioan denbora gehien igaro duen pertsona eta ibilaldi espazial gehien egin dituena bihurtu baita.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko irailaren 05a
Hala ere, ezin ahaztu 1963an Valentina Tereshkova errusiarra izan zela lehen emakume astronauta. Orduz geroztik, emakume asko espazioratu da eta sexu berdintasunaren aldeko borrokan lagungarri izan da. Emazteak espaziora bidaltzean superpotentziek helburu propagandistikoak lehenesten zituztela uste genuenok harritu egin gara arrazoi medikoak eta genetikoak tarteko izan daitezkeela irakurri dugunean. NASAn Apolo misioetatik ondorioztatu dutenez emakumeen bihotza indartsuagoa da horrelako bidaietarako. Bihotzeko gutxiago izaten dituzte emakumeek, eta horren arrazoia estrogenoetan datza. Apolo misioetan ibilitako gizonezkoek bihotz-arazoak izan dituzte. Horregatik, eta grabitate ezak pertsonengan duen eragina ongi ezagutzen ez bada ere, gero eta ikerlari gehiagok uste dute Marterako balizko bidaia tripulatuan emakume gazteek –30 urte artekoak– joan behar luketela.