Aberfeldyn bertan, 1805ean jaio zen John Dewar, lau hamarkada geroago whisky negozio oparoa sortuko zuen gizona. Dewarrek osagai naturalagoak erabiltzen zituen: Pitilie Burn errekako ura eta kalitate handiko zereala. Berehala egin zuen gora negozioak.
Arrakasta horretan zeresan handia izan zuen filoxera izeneko intsektu txikiak. 1860 eta 1880 urteen artean zomorroak kalte handiak eragin zituen Frantziako mahastietan. Izurriak cognac ekoizpenean izan zuen eraginik handiena. Urte gutxian whiskyak cognaca ordezkatu zuen burges ingelesen zintzurrean.
John hil ondoren, haren seme Alexander eta Tommyk zuzendu zuten enpresa. Sei urtean %25 egin zuen gora ekoizpenak. 1891n lehen botilek Atlantikoa zeharkatu zuten, Etxe Zurira, Benjamin Harrison presidentearen eskuetara iristeko. Esportazioa hasi zen. 1898. urtera arte, ez zuen inork inoiz edari baten iragarkirik filmatu. Dewar’s. It’s Scotch leloa zuen 35 segundoko lehen iragarki hark.
Baina Tommy Dewar ez zen negoziora mugatu. Londresko gobernadore zibila izan zen eta, arte bildumatzaile, filantropo eta idazle izateaz gain, bizi filosofia berri bat sortu zuen: dewarismoa. Filosofia horren arabera bizitzaz goza daiteke, arrakastari muzin egin gabe. Pentsamendu korronte moduko horrek plazer txikien garrantzia nabarmendu zuen; plazer txiki horien artean, noski, tarteka baso bete whisky hartzea.
20ko hamarkadan dewarismoak jarraitzaile ugari lortu zituen. Baina enpresaren edari ekoizpena behea jota zebilen: Lehen Mundu Gerran Aberfeldyko destilategia itxi behar izan zuten. 1919an berriro zabaldu eta handik urtebetera AEBetako alkoholaren debekua iritsi zen. Kolpe handia izan zen Dewar’s-entzat; 1962. urtea arte enpresaren ekoizpena oso txikia izan zen.
2002. urtean bost milioi botila ekoitzi zituzten. Egun, zinema izar John Malkovich edo Quentin Tarantino ageri dira whisky honen iragarkietan. “Dewarista naiz” dioen elastikoa dute soinean eta Tommy Dewarren esaldirik ezagunena azpian: “Suffering is not the Key to Success” (Sufrimendua ez da arrakastaren giltza).