"Nirekin bukatu dira Euskal Herriko pikatzaileak"

  • Bilboko zezen plazako langileek errespetuz agurtu dute eta harmailak igotzen hasi arte ez da pixar bat ere trakestu bere ibilkera segurua. Herrena antz eman diogu eskuin belaunekoa; ia 40 urtean zaldi gainean plazan ibili denarentzat hutsa da herren hori, bidesari ttikia. Vista Alegreko harmailetan kontatu dizkigu bere sentipenak, plazara seinalatuz han sentitzen zituenak esplikatzeko.
Jose Antonio Egaña 'Txapasta'
Jose Antonio Egaña 'Txapasta', Euskal Herriko azken pikatzaileaInes Urrutia

“Deban (Gipuzkoa) jaio nintzen 1945ean. Urte eta erdi nuela Txapasta baserrira igo ninduten, Itziartik Lasturrera bidean dago Txapasta. Aitaitak Andutz mendibarrenean izaten zituen larrebehiak eta zezenak. Han sartu zidan afizioa aitaitak, Francisco Egaña Eizagirrek”. Hara hor labur-labur azalduta, Euskal Herrian izan den azken zezen pikatzailearen biografiako giltzarria.

Aitaitaren ‘erruz’ orduan?


Bai. Sei urte nituela aldatu zen familia Bilbora. Baserritik irten beharra zegoen denontzat lain ez zegoen eta. Nik ordea Txapastan ematen nituen udako hiru hilabete. Han ganadu artean ibiltzen nintzen, gustura. Zekorketak, sokamuturrak eta enbolatutarako igual izango zituen 50-60ren bat buru, Karrikiri arrazakoak. Hemengo arraza zen hura.

Galdu egin al zen arraza hori?


Berezko Karrikiri kasta Atanasio Fernandezek erosi eta Salamankara eraman zuen. Gero gurutzaketa lardaskan jardun eta arraza galdu zuten. Sanferminetako feriako zezen suharrenari Karrikiri saria ematen diote orain.

Txapastan unai ibiltzetik Vista Alegrera bada tartea, nola sartu zinen Bilboko zezen giroan?


Lagunak egin eta pixkanaka-pixkanaka. Zezenzaleak leku jakinetan elkartzen ginen. Pedro Pradera Bernaolaren zalditegian hasi nintzen ni. Zaldirik onenak eman dituen ganaduzalea izan da Pradera, asko lagundu ninduen. Vista Alegren zaldientzako ukuilua egon izan da berak erretiroa hartu duen arte. 14-15 urterekin zaldimutil hasi eta 20ren batekin koxka igo eta profesional jarri nintzen. Ez nintzen, jakina, horretaz bizi, baina asko entrenatzen nuen. Astebururo etorri, zaldiak hartu, mendira joan, petoak jantzi...

Eta aurreneko plaza?


Vieux Boucau, Landetan, 72an. Hara nire debuteko kartela: Victor Mendes portugaldarra, El Soro eta Felipe Gonzalez Felipillo mexikarra.

Zer moduzkoa izan zen?


Erantzukizunak sortzen zidan ardura, beldurrak baino gehiago. Beldurra izaten da, dudarik-eta ez, inor ez gara beldurrik ez sentitzeko bezain balienteak. Baina leku handiagoa du ardurak: zezena pikatu behar da, nola edo hala. Hori da arazoa. Ate ondoan zaudela, plazara sartzeko zain sentitzen da beldurra. Gero, turuta hotsa aditu, zezena atera eta beldurrak uxatzen dizkizu. Huts-hutsean beldurra sentituko banu etxean geratuko nintzateke.

Toreatzaile jakin baten koadrilakoa izaten dira pikadore batzuk. Zu ere bai?


Francisco Marcos Marquitos Lizarrako toreatzailea hasi zenean, dozenerdi urtean, erretiratu nintzen arte, ibili nintzen berekin.

Ia 40 urtean pikatzen, kinka larriak biziko zenituen...


Plazan honetan bertan bota nau zezenak zalditik pare bat aldiz. Ene, epelak hartutakoa naiz. Zartakoak ezker-eskunin; adarkadarik ez baina hezur hausturak mordoska bat bai: sorbalda, meniskoa... Belauna operatu eta ondo jarriko zidala esan zidan Bikandi doktoreak, Athleticekoez arduratzen da mediku hori, baina... kirofanora sartzeak errespetua ematen dit, zezenak baino gehiago.

Latzena?


Santoña-n, zaldia eta biok hankaz gora bota gintuen zezenak. Zaldiak azpian harrapatu eta ezin aterata geratu nintzen ezproia sokatan trabatu zitzaidan-eta. Ezin atera eta zezena bueltan-bueltan... Atera kontuak gorpuzkera handikoak direla pikatzeko zaldiak. Lor-aberea da berez, lanerakoa. Norbera gainean egoteko ondo, baina alderantziz...

Bakoitzean zaldi berriarekin pikatzen al duzue?


Beti berria. Plazara joan, begiak estali, petoa jantzi eta han irteten zara batere jakin gabe zezenaren topekada hartzean nola erreakzionatuko duen. Batzuetan eusten diote baina behin baino gehiagotan atera zaizkit galapan. Nola hala animalia geratzen asmatuz gero gaitzerdi; osterantzean hartu egin behar barreraren kontra.

Ganadutegiak ere denak ezagutuko dituzu.


Cebada Gago-koak pikatu izan ditut. Horiek oso gogorrak dira. Egin kontu zezenik handienak eta indartsuenak ateratzen dituztela Madrilen, Iruñean eta Bilbon. Hemen jendeak zezen-zezena eskatzen du. Lekutako errespetua diote toreatzaileek Bilbori. Eta ni gehiena plaza honetan aritu naiz.


Pikatzailearena ez al da lanik eskertxarrekoena? Zezenaren suhartasuna epeltzeko zaudete, sarri-sarri ateratzen dizuete txistu hotsa ikusleek.


Zezena pikatu egin behar da, bestela ezingo lukete muletaz faena egin. Oinarrizkoa da pikatzailearen lana, horrek baldintzatzen duelako ondorengoa. Behin Baionan Cebadako zezen bat jata odolhustu nuen ia. Ez nuen neurez jokatu horrela. Toreatzaileak esan zidan emateko egurra. Motor handiko zezena zen, ideia txarrekikoa... Eman beharra zegoen. Urrunetik prestatzen zidaten eta etortzen zitzaidan bakoitzean gogotik ematen nion. Gozoa jarri zen publikoa, asto beltzarenak aditu nituen. Zaldien ukuiluan ezkutatu behar izan nuen gero.
Dena dela, zezenaren arraza, indarra, irteteko modua ikusita, jeneralean segituan antzematen diot zezenak eztenkada bakarra edo pare bat behar duen, toreatzailearekin hitzik egin gabe.

Orain bost urte hartu zenuen erretiroa. Zaila izan al zen erabakia?


Beno, batik bat bidaiekin nekatua nengoelako utzi nuen. Astegunez familiako enpresan eta asteburuetan plazaz plaza ibiltzea gogorra da nik daukadan adinarekin. Oraindik joaten naiz noizik eta behin zekor gazteak tentatzera Burgos-era, Antonio Bañuelos-en ganadutegira... Baina nirekin bukatu dira Euskal Herriko pikatzaileak. Gurea zen azken belaunaldia; ni izan naiz azkena. Ez dator berririk, ez dago afiziorik, ezta torerorik ere hemen izan dugun saldoarekin. Bilboko Aste Nagusian ondo aritu zen Iban Fandiño urduñarra da bakarra. Gaur eta hemen, errito soziala da zezenketa beste ezer baino gehiago, ferietan bakarrik azaltzen da jendea plazara.

Ze etorkizun barruntatzen diezu zezenketei?


Belaunaldika aldatzen da. 60ko hamarkadan askoz gartsuago bizi genuen, zezenzale gehiago eta osoagoak zeuden. Subalterno mordoa, dozenerdi pikatzaile, ia dozena bat banderillero... Festak segitzen du eta segiko du, baina beste modu batera.

Eta zer sentiarazten dizu aldaketak?


Horrela beharko du [etsia hartuta ari da]. Zuk ezagutuko duzu Derioko seminarioa... Ba, hura lehen apaizgaiz leporaino betea egoten zen; joan zaitez orain...

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude