argia.eus
INPRIMATU
Isnoplabul
Edu Zelaieta Anta 0000ko ren 00a
Edu Zelaieta
Edu Zelaieta
Orhan Pamukek azaltzen du Istanbul liburu autobiografikoan, gertakari entzutetsuak nola izendatzen ditugun erreparatuta, jakin dezakegula munduko zein bazterretan bizi garen. Konparazio baterako, gure egutegiko 1453ko maiatzaren 29an gertatu zena: Mendebalean “Konstantinoplaren erorketa” izan zen; Ekialdean, aldiz, “Istanbulen konkista”. Bi izen: Konstantinopla vs. Istanbul. Bi izan: erorketa vs. konkista.

Kontatzen du idazleak, halaber, bere emaztea turkiar nazionalistatzat hartu zutela New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean, lizentziaturako lan batean “konkista” hitza erabili zuelako, “erorketa” neutroaren ordez. Alabaina, urte batzuk geroago, turkiar nazionalistek auzitara eraman zuten Pamuk, 1915ean Turkiak 1.500.000 armeniar eta 30.000 kurdu hil zituela adierazi zuelako, beti ere “genozidio” hitza baliatu gabe.

Europa eta Asia kontinenteak bustitzen dituen uretara jo gabe, edukia forma berriz ere berresteko hurbilagoko bideak baditugu. Esaterako, Araba utzi eta Miranda de Ebron sartzean: “Burgos. Cabeza de Castilla. Tierras del Cid”.

Bosforon edo Ebron atsegin du gizakiak hitzekin jostatzea. Atsegin Isnoplabulen bizitzea.