Zuzenbidea eta euskara: bi mende bidezidorretik

  • Justizian euskara erabiltzeko aldarrikapenak maiz entzuten ditugu gaur egun.

    Baina askoren ustearen kontra, zuzenbidea ez da izan erdal munduaren gotorleku, eta euskara ez zaio izan zuzenbideari arrotz.
    Irakurlea harrituko da jakitean azken bi mendeetan zenbat jurista ibili den zuzenbidearen bidezidorrean gure hizkuntza hauspotzen.

    “Notari, abokat eta tribunaletako bertze jaunez ez dut erranen deusik. Ele ederrez beren jokotrien estaltzeko hok ez dute parerik”. Jean Etxepare mediku euskaltzaleak hitz horiexek idatzi zituen juristen inguruan. Mar de Chiquitakoak –Argentinan jaio baitzen– herritar askoren ustea letra garbiz jarri besterik ez zuen egin. Izan ere, euskaldun askok, baserriko nahiz kaleko, arrotza eta urrunekoa izan dute zuzenbide munduko erdal hizkera, lehen bezala orain.
Nazario Oleaga
'Bidegileak'
Gaur egun justizia arloa euskalduntzeko aldarrikapenak behin eta berriz entzuten ditugu kalean, gure hizkuntzaren normalizatzeko ezinbesteko baitzaigu justizia euskaldunena ere izatea. Baina kontrajarriak al dira euskara eta zuzenbidea? Noizbait egin al dute topo? Andres Urrutia abokatu eta euskaltzainburuaren iritziz gaur egun aldarrikatzen den bidea aspaldi urratu zen zuzenbidean, eta historian barrena adibide ederrak ikus ditzakegu, jurista euskaltzale askok beren ama hizkuntza erabili baitzuten eguneroko jardunerako.

Lau jurista euskaldun

Bidegileak bilduman lau euskal juristen inguruko beste hainbeste ale kaleratu zituen Eusko Jaurlaritzak 2005ean, haien biografiarekin. Andres Urrutiaren hitzetan idatziz baino ahoz erabili zuten euskara jurista hauek eguneroko lanean: Nazario Oleaga abokatua (1884-1961), Hipolito Larrakoetxea karmeldarra (1892-1976), Jesus Maria Leizaola lehendakari ordea (1896-1989) eta Bonifazio Etxegarai idazkaria (1878-1956). Horietako biren lana azpimarratu nahi genuke hemen.

Nazario Oleaga bilbotarraren bizitza Bizkaiko Abokatu Bazkunari dago lotuta erabat; erakunde horren bidez saiatu zen euskara aurrera eramaten. Jaimista zen ideiaz –karlismoaren adarra– eta galdutako foru zibilen defendatzaile sutsua. 1931n Errepublika ezarri zenean, Hegoaldeko lau probintzien batasuna aldarrikatzeaz gain, Lizarrako Estatutuaren eraketan parte hartu zuen. Hain zuzen, bere euskaltzaletasunaren erakusgarri zera proposatuko du Oleagak urte itxaropentsu haietan: Bizkaiko auzitegietako abokatu, fiskal, idazkari, epaile eta gainerako langileek, guzti-guztiek, euskaraz jakin zezatela. Bestalde, Euskaltzaindiaren idazkari ere bazen abokatu euskalduna eta gerra oste beltzean Krutwigen balentriak babestu zituen Azkuerekin batera. Gerora, Krutwigek berak aitortu zuen soilik Oleaga eta Azkue bezalako pertsonen sostengua izan zuela urte latz horietan.

Bestetik, Hipolito Larrakoetxearen lan esanguratsuena ere ekarri behar dugu hona: Erromako Elizaren Araudia euskaratzea. Zeanuriko (Bizkaia) karmeldarrak 1924an Erromara egin zuenean ekin zion lan horri. Aita Santuaren Codex berriak eragin itzela izan zuen Eliza katolikoan eta horrek sekulako garrantzia ematen dio kanonista aita Hipolitok urte luzez egindakoari; are gehiago euskaraturiko lehen lege bilduma izan zenean.

Jean Pierre Goytino: Ameriketan notario, editore... eta iruzurgile?

Merezi du Ainhoako (Lapurdi) gizon honen bizitza labur-labur bederen aitatzea, ez baitzuen aspertzeko bizimodurik izan. Familia mugazaina zuen Jean Pierre Goytinok (1860-1921) eta Hazparnera bidali zuten ikastera, nonbait seme letradun bat izateko asmotan. Fraideetan lehenik, eskola publiko errepublikazalean ondoren, laster aspertu zen gure pertsonaia, eskolatik bota eta Ameriketara egin baitzuen. Hain zuzen, bidaia horretan erakutsi zuen Goytinok ikasketak ez bukatuagatik ere mutil bizkorra zela trikimailu eta azpijokoetan. Senide aberats baten izenean 1.850 dolarreko agiria faltsutu zuen, “zazpi ehun ardiren erostekoa!” dio Xipri Arbelbide idazleak notario honi buruz idatziriko artikulu batean.

Zorionez, ahaide aberatsa zendu eta diru mordoa patrikan geratu zitzaion, Los Angelesko Le Pogrès kazetaren jabe egiteko adina diru, alegia. Kaliforniako Eskual Herria egunkariak orduan ikusi zuen argia, Ainhoakoaren ekimenari eta hildako senidearen diruari esker. Mendebaldeko euskaldunen artean ezagun egin zen Goytino eta artzain ugari hurreratu zitzaizkion auzitegi eta bestelako jardunetan itzultzaile lanak egiteko eskatuz. Notario bezala ere aritu zen, nahigabe euskal sasi-letradun eta legegizon iaio bilakatu arteraino. Baina euskaldunen konfidantza irabazi bezala galdu zuen, amarrurako joeraren erruz: bi artzainen dirua eraman omen zuen banku batetik. Auzi horretatik berriz ere onik ateratzea lortu zuen arren, gure notario bizkorrak hondorako bidea hartua zuen ordurako. Izan ere, Eskual Herria egunkaria itxi ostean bere dirutza xahutzeari ekin zion. Kontrabandoan eta edariz bustirik egin zituen azken urteak, salatu eta 1921ean berriz auzitan sartu zuten arte. Berandu ordea, urte berean hil baitzen Jean Pierre Goytino, mundu honetan batere ondasunik utzi gabe.

Jose de Palacio: Kixote-ren jarraitzaile, euskararen sustatzaile

Cervantista eta Kixote bilduma balios baten jabea. Eta euskalduna eta euskaltzalea”. Horrelaxe deskribatzen du Pruden Gartziak Lazarragari buruzko bere liburuan Jose de Palacio Saenz Biteri legutiarra (1823-1879). Bere iloba bati El Quijote euskaratzeko mandatua eman zion eta hark horrelaxe egin, baina lan hura desagerturik dugu gaur egun. Gerraren ajeak. Arkitekto eta abokatu ere bagenuen Jose de Palacio, ez dakigu ordea bere euskaltzaletasuna ogibide horretan aplikatu ote zuen.

Gure historian zuzenbidea eta euskara ezkondu dituzten jurista gehiago izan dira: Mikel Arrutza (1890-1966) Bizkaiko Foru Aldundiko itzultzailea; Jose Antonio Irazusta (1884-1952) politiko eta idazlea; eta Jean Etcheverry-Aintchart (1914-2003) notarioa, besteak beste. Dena den, seguru bazirela gehiago eta haien berri berandu baino lehen izango dugula. Baina funtsean horien guztien jardunak aditzera ematen digu bi munduren arteko ezinikusiaren gainetik zubiak jartzerik badagoela, lehen bezalaxe gaur egun.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude