Alberto Elosegi
Zientzia aldizkari ospetsuetan argitara ematen diren ikerketen atzean AEBetako ikerlariak daude neurri handi batean, hobe esanda, AEBn bizi diren ikerlariak daude, asko eta asko AEBk egindako “fitxajeak” baitira. Ikerketa askoren atzean dauden sustatzaileak enpresa multinazionalak dira edo botere ekonomikoari lotutako taldeak daude. Beraz, normala da ikerketen helburuak sustatzaileen helburuekin bat etortzea.
Egia da gehienetan gizakiaren osasuna hobetzea eta erosotasuna handitzea ere lortzen direla ikerketei esker, baina beti ere sustatzaileek negozio ona lortzen badute.
Dirua eta interesak dira jaun eta jabe ikerketan, baina noizean behin, zorionez –nahi baino gutxiagotan– ikerlarien kontzientziak gizatasun-haizea ekartzen dio ikerketari arazo etiko-filosofikoak sortuz. Haize fresko horrek ikerketen helburu ekonomiko hutsak pixka bat gizatartzeko balio izaten du, uste dugun baino gehiagotan.
Ikerketa-zentro garrantzitsuenak AEBn eta Europan daude eta gero eta zailagoa da Arizonan, Berlinen, Londresen edo Bilbon daudenak bereiztea. Guztiek oso “marka” komunak dituzte, hau da, ingelesez egin behar da, doktoreak behar dira, aldizkari ospetsuenetan argitaratu behar da eta proiektu transnazionaletan parte hartu behar da. Interes lokalak, probintzialak edo nazionalak, askotan, bigarren mailara pasatzen dira eta interes globalak gailentzen dira.
Herrialde aberatsetako agintariak talentuen ihesa ekidin nahian ari dira eta horretarako hainbat ekintza burutzen dira. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, onartu berri duen zientzia planean, ikerlari bikainak kanpotik ekartzeko edota daudenak geratzeko neurriak planteatu ditu.
Hau irakurtzean, bateren batek zein mundu eraikitzen ari garen galde dezake eta ikerketa herrien interesetan baino botere ekonomikoen interesean jartzeak zer ekarriko digun. Erantzunik ez dut ikerlarien kontzientziatik at.
Dena den, hemen telebista eta aldizkarietan hitz egiten den zientziaz hitz egin badugu ere, gogoratu beharra dago gure enpresetan isileko ikerketa eta berrikuntza ugari egiten direla eta horiek bai daudela gure herrien interesetik hurbilago.