Unicornis Rhinoceros

  • Pertsia, K.a. IV. mendea. Ctesias greziarra Artajerjes II.a erregearen medikua zen. Eta hari esker izan zen lehenengoz unikornioaren berri. Ctesiasek zioen Lurreko animaliarik indartsuena eta azkarrena zela, eta Indian zuela jatorria. Ile zuriko asto handia omen zen, burua gorria zuen eta begiak urdinak. Kopetan metro beteko adarra zuen. Medikuaren esanetan, adarra edalontzi modura erabiliz gero epilepsia saihestu eta pozoi guztientzako babesa lortzen zen. Baina Ctesias ez zen inoiz Indian izan eta bere adarbakar hura lau espezieren arteko nahasketa asmatua baino ez zen: Indiako errinozeroa, Ekialde Hurbileko onagroa, Egiptoko antilopea eta rimua, Mesopotamiako hainbat erliebetan ageri den idia.
K.o. I. mendean, Plinio Zaharrak greziarraren haritik jarraitu zuen, hots, animalia ikusi ere egin gabe irudimenari eragin zion. Piztiak zaldiarena zuen gorputza, burua oreinarena, elefante hankak eta basurde buztana. Sekulako orroak botatzen omen zituen, eta bakartia eta oldarkorra zen.

Bibliaren jatorrizko bertsioan re'em izeneko benetako animalia aipatzen da, desagertutako rimu idiari dagokiona. Baina geroago etorri ziren edizioetan animalia hau beste izaki batekin nahastu zuten. Grezierazko hainbat itzulpenetan monokeros moduan ageri zen. V. mendean San Jeronimok Unicornis Rhinoceros izenez itzuli zuen. Hortik aurrera unikornioa sinbolo kristau sakratuen artean hedatuz joan zen.

Legendak Erdi Aroan izan zuen unerik gorena. Unikornioa zaldi zuria zen, espiral formako adar luze eta bakarra zuena. Ustez indar izugarria bazuen ere, emakume birjina parean jarriz gero animalia maitakor eta arriskugabea bilakatzen zen. Horregatik piztia erakarri eta baretzeko neska gazteak eraman ohi zituzten emaitzarik gabeko ehizaldietara.

Unikornioa ez zen esistitzen. Baina ez dirudi xehetasun horrek garrantzi handirik zuenik. Haren adarrak botere magikoak zituela sinistuta zeuden eta Europako gorteetan eskariak gora eta gora egin zuen. Errege nahiz printzeek pozoituak izateko arrisku handia zuten, eta garesti ordaintzen zituzten ustez unikornioaren adarraz eginiko edalontziak. XVI. mendearen erdialdean Veneziako Errepublikak 30.000 dukado eskaini zituen edalontzi bakar baten truke. Bada narbal izeneko zetazeo bat, adarra espiral formakoa duena; huraxe izan zen merkatari iruzurgileen pagotxa.

Iruzurra laster eman zuten argitara, baina adarbakarrak irudimen kolektiboan bizirik jarraitu du. Hor dira, esaterako, Manuel Mujica Láinez-en eta Tracy Chevalier-en nobelak, edo Silvio Rodríguezek bere kantan galdutako unikornio urdina.

Hogei urte bete dira Juan Eslava Galán-ek Planeta saria irabazi zuela En busca del unicornio lanagatik. Oporrak aitzakia ezin hobea dira zehaztasun historikoa eta dibulgazioa gutxik bezala uztartzen dituen andaluziar historialariaren nobelari berriro heltzeko.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude