argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Minbizi aurreratua daukaten gehienek malnutrizioa dute
  • Paziente onkologiko askok elikadura eta nutrizio arazoak dituzte, beren gaitzaz gain. “Minbizi aurreratua duten pazienteen %80 inguruk malnutrizioa du”, adierazi zuen Carmen Gómez Candelak, Madrilgo La Paz ospitaleko Nutrizio eta Dietetika saileko buruak, apirilean Bilbon egindako kongresuan. Gómezek esan zuenez, elikadura egokiak ez du minbizia sendatuko, baina tratamenduari aurre egiten laguntzen dio gaixoari, haren gogo-aldartea eta bizi-kalitatea errotik hobetuz.
Jabier Agirre 0000ko ren 00a
Malnutrizioa duten minbizi gaixoek apetitu falta, asetasun-sentsazioa, gorakoak eta idorreria edukitzen dituzte normalean. “Behar bezala elikatzen ez denean, gaixoak okerrago erantzuten die kimioterapia eta erradioterapiako tratamenduei, dosi gutxiago jasaten ditu eta albo-ondorioak nabarmenagoak izaten dira”. Kirurgiari dagokionez, zenbait kasutan atzeratu egin behar izaten da ebakuntza data gaixoaren nutrizio-egoera hobetzeko, eta horrek, noski, garestitu egiten du tratamenduaren kostua. Ikerketa batzuen arabera, desnutrizioa duen paziente onkologiko baten tratamendua behar bezala elikatua dagoen beste batenaren halako bi edo hiru kosta daiteke.

Tumoreen erdia baino gehiago sendatzen den garai honetan, Bilbon elkartutako adituek garrantzi handia eman zioten nutrizioari, urteetako tratamenduak jasan ditzaketen gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko baliabide modura. Gaixo horien nutrizio-egoera bermatzeko, ezinbestekoa da pazienteei banan-banango jarraipena eta tratamendua egitea.

Gakoa gaixoari arreta berezia ematea da, eta hori dietisten lana da. Gure unibertsitateetatik ateratzen diren dietistak, ordea, ez dira osasun-sistema normalizatuan aritzen. Gure ospitale gehienetan apenas dagoen dietistarik. Non daude, bada, nutrizioan trebatutako pertsona horiek? Erantzuna sinplea bezain etsigarria da: katering-enpresetan, estetika zentroetan, loditasunaren kontrako zentro pribatuetan... beren kualifikazioa baino askoz maila eskasagoko lanak egiten. Atera hortik kontuak.