argia.eus
INPRIMATU
Krisia Burtsan
Juan Mari Arregi 0000ko ren 00a
Azken asteotan Burtsak protagonista izan dira. “Munduko Burtsen erorketa” izan da izenburu ohikoena. “Kreditu zaborrek” Amerikako Estatu Batuetan eragin duten hipoteka krisiak abiatu du guztia. Kreditu zaborrak ematen zaizkie diru sarrera nahikoa ez dutenei, bermerako ondasunik ez dutenei. Hartutako arriskua berdintzeko interes tasa altuak ezartzen zaizkie, eta baita gainordain eta ezohiko komisioak ere. 2005ean boomak goia jo zuen: arrisku handiko hipotekak 600.000 milioi eurokoak izan ziren. Amerikako Estatu Batuetan, batetik interes tasak igo ziren eta bestetik higiezinen merkatua geratu zen, ondorioz, zorrak ordaindu ezinik ibili zen asko. Lehen seihilekoan enbargoek %58 egin zuten gora. Estatubatuarrak eskuak lotuta daude batzuk etxea saltzeko desiratzen daudelako, baina inor gutxik, krisi gorrian, etxerik erosi nahi duelako. Kreditu mota horiekin lan egiten zuten bankuek finantz merkatuan tituluak jaulkitzen zituzten, arrisku handiko hipotekak babesgarri zituztela. Jaulkitako tituluak Inbertsio Funts eta Bankuek (espekulatzaileek) bereganatzen zituzten. Bermea goitik behera etorrita, funtsek ia balore osoa galdu zuten edo ezin izan zuten bermatu dirua itzultzea. Krisia medio, inbertitzaileak (espekulatzaileak) fidagaitz ziren eta Burtsetatik alde egiten hasi ziren. Banku zentralek eskua bota diete milioika dolar sartuz. Espekulatzen dutenek krisia eragiten dute negozioak hobetzen segitzeko. Burtsen erorketa eragiten dute eta gero merkeago erosten dute. Globalizazio kapitalista deitzen zaio horri. Negozioak bere bidea segitzen du.