Gai oso ezberdinak azaltzen ditu Jakin aldizkariaren 160. zenbakiak. Batetik, Gerardo Luzuriagak Euskal Herriko liburutegi digitalak dauzka hizpide. Bestetik, Txema Ramirez de la Piscinak gizarte mugimenduak aztertu ditu, herrigintzan aritzeko beren bozeramaileen trebakuntza ezinbestekoa dela ondorioztatuz. Mikel Asurmendik Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? liburuaren edukia izan du gogoetagai. Jenaro Garatek berriz, kutxen fusioaren gainean dagoen eztabaidan bere ekarpena eskaintzea erabaki du, kalterako izango dela ebatziz. Jon Benito euskal liburuen egungo egoeran sakontzen ahalegindu da. Lionel Joly hizkuntzaren erabileran. Eta Patxi Gaztelumendik euskarak gaur egun dituen komunikabide esparruez dihardu.