Elaudi taldeak zuzeneko diskoa grabatu zuen joan den asteburuan Muskildiko (Zuberoa) San Antoni kaperan. Taldearen hirugarren diskoa izango da, aurretik kaleratutako Iluntzean eta Gauak balaki lanen ondoren. Estilo desberdinak nahastu izan ditu Elaudik bere hamar urteko ibilbidean, folketik abiatuta fadoa, Kubako doinuak eta Afrikako maliar blueseraino.
Maurice Ravel musikagile eta piano jole ziburutarra omenduko dute heldu diren asteetan bere sorterrian. Aurten beteko dira 70 urte Ravel hil zela eta horregatik kontzertuak, mahai-inguruak, erakusketa eta ikastaroa izango dira, besteak beste.
Massive Attack Bristolgo taldeak Barakaldoko BECen kontzertua eskainiko du irailaren 13an. 90eko hamarkadan Ingalaterrako trip hopa mundura zabaldu zuen taldeak datorren urtearen hasierarako prest izango du Weather underground izeneko zortzigarren diskoa.
Andre Masson (artista frantziarraren 50 obra bildu ditu BBK-k Bilboko Kale Nagusian duen aretoan zabaldu berri duten erakusketak. Massonek 36ko gerraren aurreko urteetan Gironako Tossa de Mar herrian bizi zenean margotuak edota Frantziara itzuli zenean amaitu zituen obrak dira. Erakusketa urriaren 11ra arte egongo da zabalik.
Petti bakarlari beratarrak aurki kaleratuko du On izeneko disko berria. Lana bi zatitan banatuko du musikari nafarrak: akustikoa alde batetik eta elektrikoa bestetik. Pettiren laugarren bakarkakoa izango da eta hainbat musikariren laguntza izan du berau osatzeko, Joseba Irazokirena besteak beste. Hain zuzen ere Irazokik hiru disko argitaratu berri ditu kolpean: Pertsona, Akordeoi orkestra eta gitarra kontzertua DO-n eta Dosi dute izena beratarraren lan berriek.