AIOL
Begitan hartu du munduak Kremlina, itsas azpiko lur-plataformaren ertzetan platinozko zikaia ezarri eta segituan. Esan diote bandera bat ez dela ezer. Moskuk ezarritako metalezko xafla hiru koloredun horrek ez duela ezer balio.
Baina, gerraontzi zaintzaileak agindu ditu Kanadak, badaezpada. Makarrak garbitu dizkiete Estatu Batuek beren radarrei, eta bekarrak urpeko ontziei. Norvegiak dio ur horietan sarri bainatua dela bera, bikinirik batere gabe.
Ikurra, ikurrin.
Han eta hemen, kurrin: norberarena ez bada, ezatsegin.
* * *
Ikurrina bai, espainola ez! Udatan errepikatzen den leloa da aurreko hori, hegoaldeko parte hauetan. Modurik ozenean, hiriburuetako jaietan. Festen programan sartuta ote?
Espainia monarkiko, frankista eta neokonstituzionalarena da espainola deritzotena, (estatu espainiarrarena, ekitaldi horiek sustatzen dituzten abertzale puruen hiztegiarekin zurrun izanik).
Gorria eta horia. Piperpotoa esaten genion gaztetan, politika zer den deskubritu aurretik.
Baina, Espainiak bazuen beste bandera bat… Errepublikakoa. Ahaztuta eta lurperatuta akaso? Edozelan ere, ez dira denak berdinak. Ez kolorez, ezta esanguraz ere.
Ala bai?
Gorri, zuri, berde margotu dugu ikurrina.
Horra koloreak. Horra ortzadarra.
Horra nazioak…
John Stuart Mill logika zale britainiarraren desberdintasunen metodoa delakoaz baliatuta, erraz antzeman daiteke ezen arazo eta ezinegon abertzale gehienen orpoa dela kolore beilegia. Urrearen koloreak asaldatzen eta espantatzen ditu abertzaleak, hegoaldean. Proletario abertzaleak ez du begi onez ikusten mea aberatsa, are gutxiago jai- eta opor-usain gurietan.
* * *
Horretara, gazi-antz batek gorritzen dizkit begiak: geurea eskatzeko –ikurrina, kasu honetan– zer beharrezkoa den –batzuentzat– bestea –Espainia– izendatzea. Konjuratu nahi den mamua aipatzen den modu berean egiten dela iruditzen zait… Kupel desberdineko sagardoak dira politika eta magia. Ahaztuta?
Ematen dit ezen, zerbaiten alde egiteko, beste zer edo zeren kontra egin beharra dagoela. Horien ustez, hala da.
Are esango nuke, zeren laidoztatzen den bigarren horren erreferentzia etengabeak ezaugarritzen eta definitzen baitu lehenaren aldeko ekinbidea. Hori bai tamala.
Da, nolabait esanda: gurearen alde, baina bestearen diskurtso dominatzailearen baitan, hark definitutako eremu eta esparruaren barnean.
Da, argi esateko: Euskal Herria-edo definitzeko, Espainiaren beharra edukitzea odol-zainetan.
Politikoki, pobrea iruditzen zait atzerri –Espainia– hurbil hori beti erreferentetzat hartzea. Edozertarako ere. Demagogikoki, badu bere indarra, eta asea. Noski.
Erro, Apalategi jaunak –udagoienari ekiteko, jada ez baita andererik gure lumen artean…– non harrapatu zaituztete albiste koloretsuok?
Mendian nintzen ni, sokatik esekita. “Beltza bidaliko diat, baina piratena! Anarkista izateko ere, ez duk-eta batere balio”, diost martiztar herrenak –behin egongo Nafarroako mendi gandor horietan euskaltelen estaldura, eta hara…–.