Hogei talde, mele bakarra

  • Seigarren Munduko Errugbi Kopa abian jarriko da irailaren 7an, Parisen, eta hilabete eta erdi iraungo du, finala urriaren 20an jokatuko baita. Hogei herrialdek jardungo dute lehian, eta 48 partida jokatuko dira. Euskal Herritik hurbil bi lekutan izango da ikusteko aukera, Bordelen eta Tolosan (Okzitania). Hona jakin beharrekoak.

    Aurreko bost Munduko Kopetan hego hemisferioko taldeak gailendu dira, hots, Zeelanda Berria, Australia birritan eta Hegoafrika. 2003an irabazi zuen lehenbizikoz Europako talde batek: Ingalaterrak. Aurtengoa Frantzian jokatuko da hein handi batean, eta, hain justu, herrialde horrek irabazi nahi du kosta ahala kosta kopa. Bertan ariko da, gainera, euskal jokalari bakarra: Imanol Hariñordoki.

Errugbilariak
Kopa irabazteko hautagaiei gainbegiratuta, Zeelanda Berria agertzen da indartsuen. Hori, halere, beti gertatu izan ohi da Munduko Kopa hasteko garaian, jokorik ikusgarriena eta indartsuena egiten baitu. Gero, ordea, beti falta izaten du zerbait finalera heltzeko. All Blacksek irabazi zuten azken Hiru Nazioen Torneoa –hego hemisferioko txapelketarik handiena–, soilik partida bat galduta. Udan jokaturiko test-partidetan ia dena irabazi du. Partida bakoitzaren hastapenean Hanka dantzarekin ezarri nahi izango dute errespetua, maorien borrokarako dantza baita.

Australiak birritan irabazi du Munduko Kopa. Iaz finala galdu zuen, eta kasik jokalari multzo bertsua darabil. Hiru Nazioen Torneoan Zeelanda Berria menderatu zuen, eta badirudi indarrean helduko dela. Hegoafrikak joko eraberritua erakutsi du Hiru Nazioen Torneoan, eta oso aintzat hartu beharreko taldea da. Aitzinean tinko dihardu, sutsu jokatuta. Ingalaterrak lau urte eman ditu burua altxa ezinda, 2003ko Munduko Kopa irabazi ondoren. Otsailean jokaturiko Sei Nazioen Torneoan ere ahul jardun zuen. Badirudi Wilkinsonek jokatzen ez duenean norabidea galduta aritzen dela, baina Wilko itzuli da eta itxaropentsuago dira ingelesak. Irlandak oso bolada gozoan dihardu azken sei urteotan, eta kasik ohiko jokalari multzo bertsuarekin zerbait handia egiteko asmo osoa du.

Gainerakoei dagokienean, Argentinak gora egin du, eta oso emaitza onak ukan ditu azkenaldian. Zoritxarrez, ordea, Martin Gaitanek ez du jokatzerik izango azken lagunarteko partidan bihotzeko arazoak izan zituelako. Miarritzeko jokalariaren hutsunea garrantzitsua izango da. Samoak eta Fijik oso joko berezia egiten dute, sutsua eta norbanako jokoan oinarritua. Ezin da inoiz jakin noraino hel daitezkeen. Galesek nahikoa egingo luke final-laurdenetara heltzearekin.

Urtez urte

Munduko Kopa 1987an abiatu zen eta Aucklanden (Zeelanda Berria) jokatu zuten finala. Lehiatutako hamabost taldeen artean, Zeelanda Berriko David Kirk kapitainak jaso zuen lehen kopa, ekainaren 20an. Frantzia izan zen txapeldunorde eta Gales Herrialdea sailkatu zen hirugarren. Hegoafrikak ez zuen jokatzerik izan arrazakeria kontuengatik. Bigarren Kopa 1991n Europan jokatu zen, eta finala Londresko Twi-ckenham zelai mitikoan egin zen, non Australiak etxeko taldea mendean hartu zuen.
1995ekoa Hegoafrikan jokatu zen, eta lehenbizikoz jardun zuten Springbooksek, arrazakeri arazoak gaindituta. Oraingoan 16 talde lehiatu ziren, eta Hegoafrika, Bolikosta eta Samoa gehitu ziren. Hegoafrikak irabazi zuen, Frantzia mendean hartuta, eta Nelson Mandela lehendakariak eman zuen kopa. 1999an hogei talde aritu ziren, eta Europan jokatu zen. Cardiffeko Milurte Estadio berrian jokatu zen finala, eta Australiak mendean hartu zuen Frantzia. Uruguai eta Espainia izan ziren berritasuna. Azken Munduko Kopa (2003) Australian jokatu zen hein handi batean, eta aurrenekoz Europako talde bat nagusitu zen: Ingalaterra. Berriro hogei talde lehiatu ziren, eta Georgia aritu zen Espainiaren ordez.

Jokalari aipagarrienak

Serge Betsen (Frantzia) kontuan hartzekoa da aurten lehiatuko diren jokalari azpimarragarrienen artean. Kamerunen sortu zen orain dela 33 urte. Miarritzeko jokalaria da eta Frantziako Maila Nagusiko ligan dihardu, Top 14an. Hirugarren lerroa da, 1,82 metroko garai du eta 92 kilo. Frantziako Maila Nagusiko Liga hirutan irabazi du (2002, 2005 eta 2006). Horrez gain, Sei Nazioen Torneoko Gran Slama birritan irabazi du Frantziarekin (2002 eta 2004) eta kluben arteko Europako Kopako finala jokatu zuen iaz. Bigarren aldiz jokatuko du Munduko Kopa. Edozein taldek bere egin nahi lukeen jokalari horietakoa da, jokalari sutsua, bizia eta mugikorra; bere dohain nagusia defentsan du.

Richie Maccaw (Zeelanda Berria). All Blacksen kapitaina da, eta hirugarren lerroan jokatzen du. Jokaldi gehienetan hartzen du esku, eta plakatzaile aparta da. Dagoeneko lau aldiz irabazi du Hiru Nazioen Txapelketa eta Super 14a hirutan. All Blacksek 2005 eta 2006an Europan jokaturiko test-partida guztiak irabazi ditu.

Joe Rokocoko (Zeelanda Berria). Jonah Lomuren ordezkoa dela diote, baina aski desberdina da. Bost urte zituela heldu zen Zeelanda Berrira. Hegalean jokatzen du eta 10 segundo eta 66 ehunenean egiten du 100 metroko lasterketa.

Daniel Carter (Zeelanda Berria). Munduko Kopa honetako interesgunea izango da. Joko zabaltzailea da, eta oso joko zehatza egiten du zangoz. Canterbury Crusaders taldean dihardu, eta ohikoa da Hiru Nazioen Torneoan eta Super 14an; bikain zabaltzen du jokoa.

Stephen Larkham (Australia). Joko zabaltzaile inteligentea da eta ohikoa da Hiru Nazioen Torneoan eta Super 14an. Pausatuegi jokatzen duen itxura ematen du, baina aingira baten modura mugitzen da.

George Gregan (Australia). Zambian sortu zen duela 35 urte, eta urtebete zuela emigratu zuen. Munduko Kopa honetako beteranoa da. Munduko errekorra du selekzio batean partida gehien jokatzen (127). Munduko txapelduna izan zen 1999an eta txapeldunordea 2003koan. Hiru aldiz irabazi du Hiru Nazioen Torneoa.

Schalk Burger (Hegoafrika). Bere aita Springbooks ohia da. Schalkek 24 urte ditu eta plakatzaile sutsua eta arriskutsua da. Horregatik, txartel hori eta gorri dezente jasotzen du. Energia handia erabiltzen du kontrarioaren defentsa hausteko. 2004an 21 urte azpiko Munduko Kopa irabazi zuen eta Kopako jokalaririk onena hautatu zuten. Iaz lesio larria izan zuen Eskoziaren aurka, baina ongi osatu da. Stormes taldearekin jokatzen du Super 14an.

Bryan Habana (Hegoafrika). Hiru laurdenetako lerroko hegala da, tximista bezalakoa eta bihurria jokoan. Zazpiko –zazpi jokalariko taldeen– errugbian aritua da eta jokalaririk onena hautatu zuten jokalari beltzen artean, 2005ean.

Jonny Wilkinson Wilko (Ingalaterra). 27 urte ditu eta joko zabaltzailea da. Newcastlen jokatzen du eta Ingalaterra selekzioko barometroa da; berak nola jokatu taldeak hala jokatzen du. Orain dela lau urteko Munduko Kopa irabazi zuen, baina geroztik ezin izan du sasoiko jardun, hainbat lesiorengatik. Teknika aparta du zangoko jokoan, entrenamenduetan. Bikain zabaltzen du baloia eta Zeelanda Berriko Carterren antza du joko eran.

Brian O’Driscoll (Irlanda). Irlandako kapitain esanguratsua da. Hiru laurdenetako lerroko erdia da. Ez du jokatzerik izango Kopako lehen partida, abuztuaren 16an kolpe bat hartu zuelako sudurrean, Baionaren aurka. Jokalari osoa da eta biko aparta osatzen du D’Arcyrekin. Oso jokalari indartsua eta sutsua da.

Paul O’Connell (Irlanda). Igerilari eta golf-lari ohia. Hirugarren lerroan jokatzen du, 1,98 metroko garaia du eta 116 kilo; oso teknikoa da. Limerickeko Munster probintzian jokatzen du.

Shane Williams (Gales Herrialdea). 2005eko Sei Nazioen Torneoko Gran Slama irabazi zuen eta 2003ko Munduko Kopan final-laurdenak jokatu zituen Zeelanda Berriaren aurka, hegaletako jokalarien artean onenetakoa izan zen. 30 urterekin, 1,70 metroko garaiera eta 77 kilo ditu. Erritmo aldaketak eta sigi-saga ikusgarriak egiten ditu.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude