argia.eus
INPRIMATU
Harremanak
Castillo Suárez @casti_suarez 0000ko ren 00a
Castillo Suarez
“Harreman batzuk karez zuritutako paretari atxikitzen zaion huntza bezalakoak dira. Beste batzuk haren askatasuna segurtasunarengatik eta gozotasun pixka batengatik trukatu duen esklabo baten kateek ateratzen duten hots alaiaren gisakoak dira. Besteetan paretan dagoen orbainaren gisakoak dira, inora ere joaten ez dena inork ez dakielako nondik heldu den ere. Besteetan –gutxiagotan– murru batean dagoen zartatua dira; bizitza osoa zirrikitutik begira igaroko zenuke, misterio bat bestearen ondotik deskubritzeko. Areago, hainbatetan, beste batzuekin igarotzen ditugun egunak kanta baten gisakoak dira, norbaitek replayari eman, eta, hortaz, musika hori gauza guztien atzean entzungo da beti. Beti hori arina eta gozoa da, zure bizkarra zeharkatzen duen errekastoa bezalakoa”. Natalia Manzanoren Apnea liburutik ateratakoak dira definizio horiek guztiak, baina, gehienetan, eta definizio poetikoez harago, enpresa txiki eta ertainen gisakoak dira harremanak. Finean, noizbait hipoteka, ADSLaren kuota, argia, gasolioa... batek bakarrik ordaindu beharko balitu, ez dakit zer pasatuko litzaiokeen. Agian horregatik ez du pentsatu ere egiten bere harremanaren nolakotasunaz.