argia.eus
INPRIMATU
Euskararen ilunpeko adierazleak
  • Euskalduna. Leyre, 20 años, pelirroja, garganta profunda y griego a tope”. Eta telefono zenbaki bat. Horrela zioen, hitzez hitz, Nafarroako egunkari bateko iragarkiak.

    Gisako iragarkiak norberari eragiten dion erreakzioaz harago, hizkuntzaren ikuspegitik behintzat zenbait galdera eragiten du.

    “Euskalduna” hitzarekin, zer esan nahi ote du? Euskal hiztuna ote da Leyre? Edo euskal herritarra? Euskaldun hitzaren definizioaz ohikoa dugun eztabaida planteatzen digu ilegorriak. “Griego a tope” dioenean, bistan da, ez da hizkuntzaz ari; “Vasco a tope” jarri balu ere, ez genuke aisa asmatuko zer den hori. Eta “euskalduna” horrek zer esan nahi du?
Dabid Anaut 0000ko ren 00a
Dabid Anaut
Karlos Corbella
Demagun euskal hiztuna esan nahi duela: “zerbitzua” euskaraz eman dezakeela azpimarratu nahi ote du? Bezeroek eskatu al diote inoiz euskarazko harremanik? Euskarak, sexuaren merkatuan, “saltzen” al du? Eztarri sakoneko neskaren zerbitzuan, noraino da pisuzko elementua hizkuntza?

Antzeko beste iragarki batzuk ikusita, nabari da hizkuntza akaso ez, baina naziotasuna aipatzea bezeroa erakartzeko erabiltzen dela, konparaziora: “india brasileña”, “barbi cubanita”, “ucraniana”, “española”… Oro har, estatu-identitateak agertzen dira, nazio minorizatuen arrastoa eskasa dugu oso.

Ikus liteke, hala ere, honelakorik: “Vasco. Macho ibérico superdotado, fibrado, completo y muy vicioso. 22 años de locura, guapísimo”. Honetan, ez jakin, baina ez dirudi euskarazko zerbitzua bermatua dagoenik.

Sexu-zerbitzuaren mundua, normalean, nahikoa ilunpekoa da, eta mundu horretan euskara zertan den ez da aztertu. Eta sexu-zerbitzuen munduan bezala, beste zenbait alorren inguruko ezagutza zehatzik ere ez dugu. Trapitxeatzen al da inon euskaraz? Informatika edo bestelako produktuak pirateatzen dabiltzanak euskara erabiltzen ote dute? Era eta estilo guztietako sekta ugarien erritualetan eta liturgietan, errespetatzen al dira euskaldunon hizkuntza eskubideak?

Hizkuntza berreskuratzeko planetan sartzen ez ditugun alorrak dira horiek. Baina izan badira, eta, haien gaineko balorazio etikoa edo morala gorabehera, oso-oso errealak dira, harreman-sare produktiboak eta biziak, eta euskararen bizi-indarraren eta benetako normalizazio-mailaren adierazle interesgarriak izan litezke.

Tira, galderak planteatu ditut gaurkoan, erantzunik ez izaki. Akaso, hurrengo batean, dagokion “Leyre euskaldunari” edo “Vasco” eder horri deitu eta erantzunaren zatitxo bat behintzat ekartzen saiatuko naiz. Bitartean, bego horretan, besterik ez bada gogoetan aritzeko.