Eskubide berriak autonomoentzako

  • Berrogei urtez lan arloko legeria beraren menpe egon ostean,
    Espainiako estatuko langile autonomoen kolektiboak eskubide eta
    betebehar berriak baliatu ahal izango ditu.
Langile autonomoa
Maddi Soroa
Espainiako estatuan hiru milioi baino gehiago dira langile autonomoak, Hego Euskal Herrian dozenaka mila pertsona, eta horiek laster izango dute duela hiru hilabete Espainiako Diputatuen Kongresuan itundutako Langile Autonomoaren Estatutu berria baliatzeko aukera. Estatutuak kolektibo horren eskubideen hobekuntza ekarriko du, bai eta zenbait betebehar ere. Lan arriskuen prebentzioa arautzea, langilearentzako berme ekonomikoa, menpeko autonomoaren lanbide erregimena, 30 urtetik beherako seme-alabak kontratatzeko aukera, edota Lan Autonomoaren Kontseiluaren sorrera dira, besteak beste, Langile Autonomoaren Estatutuaren Lege berriaren edukiak. Lortutako hobekuntzen artean ondokoak aipa ditzakegu: opor ordainduak, amatasun baimena, langabezia eskubidea eta abar. Estatutu berri horrek berrogei urtez inolako aldaketarik gabe indarrean izan den kolektiboaren lan erregulazioa ordezkatuko du. Horrela, Espainiako administrazioaren arabera, “babesgabetasun egoerari amaiera” emango zaio eta aldi berean “berdintasun eskubidea aintzatetsiko da”.

Hala ere, langile autonomoekin lotutako elkarte eta sindikatu guztiak ez datoz bat arautegi berriarekin. Aurrerapenak badaudela aitortzen badute ere, zenbait gabezia salatu dute. Horrela bada, menpeko autonomoen arauketa era positiboan baloratu arren, autonomoen langabezia baldintzak hobetu behar direla salatu dute. Legearen gabezien artean azpimarratu dute autonomoen negozioetan senitarteko zuzenak kontratatzea baimentzen bada ere, horiei ez zaiela langabezia laguntzarako eskubidea aitortzen. Halaber, menpekotasun ekonomikoa duten autonomoen eskubideak “urriak” direla kritikatu dute, bai eta “lan merkatuan lan baldintzak gutxitzeko presioa egiteko” erabil daitezkeela ere.

Menpeko autonomoak

Autonomoen diru sarreren %75a gutxienez, enpresa bakar baten menpe dagoenean, egoera horrek araudi berezia izango du. Estatutuak, alde batetik, 300.000 pertsona inguruko kolektibo horren baldintzak hobetzen ditu, baina bestetik, nahiko eztabaidagarria den egoera bat legeztatzen du, zenbaitetan besteren konturako langilea ordezkatzen duena. Langile autonomo horiek, gutxienez diru sarreren %75 ematen dion enpresarekin kontratu bat sinatuko dute, eta enpresaren kontura 18 laneguneko oporraldia izateko eskubidea izango dute. Lege testuak asteko atsedenak, jai egunak eta gehienezko lanaldia arautuko ditu.
Gainera, profesional horiek gaixotasunen eta lan istripuen estaldurarako eskubidea izan beharko dute. Prestazio horiek hautazkoak ziren orain arte autonomoentzat, izan ere, kotizazio handiagoa eskatzen zuten. Aldi baterako ezintasunagatik emandako prestazioa (gaixotasunak) orain arte hautazkoa bazen ere, derrigorrezkoa izango da. Ezbehar tasa altua duten lanbideetan lan istripuei dagokien kotizazioari ere aurre egin beharko zaio. Baina aurrez, Lan Ministerioak jarduera horiek zein diren zehaztu beharko du.

Amatasuna eta haurdunaldia

Seme-alabak kontratatu ahal izatea sektorearen eskakizun historikoetakoa da. Orain arte, autonomoek ezin zituzten bere seme-alabak kontratatu, eta seme-alaba horiek ere autonomoetan alta hartu behar zuten. Neurri horren helburua iruzurra ekiditea zen. Orain, Estatutu berriarekin hogeita hamar urtetik beherako seme-alabek familia jarduera horretan lan egiteko aukera izango dute, gurasoen etxean bizi badira ere. Hala ere, ez dute langabezia eskubiderik izango, seme-alaba bati alta emateagatik gerta litekeen prestazio erosketa eragozteko. Eskubide horretatik kanpo geratzen dira ezkontideak, autonomoetan alta hartu beharko baitute.

Amatasunak eta haurdunaldiak hobekuntzak ditu. Autonomoek jarduera eten ahal izango dute ondoko egoeretan: amatasuna, aitatasuna, edoskitzaroa eta haurdunaldian zehar arriskuak direnean. Dagozkien prestazioak jasoko dituzte, eta horrek kotizazio altuagoa eskatuko du, baina hori oraindik arautu gabe dago.

Langabezia eta hobariak

Estatutu berri honekin langile autonomoek langabezi laguntza eskuratzeko eskubidea izango dute lehenengoz. Estatutuak ez du xehetasunik ezartzen, baina sistemari egindako ekarpena handituko duela aurreikusten da. Hogeita hamar urtera arteko gazteen –emakumeak hogeita hamabost urtera arte– Gizarte Segurantzako kotizazioak %30eko diru laguntza jasoko du. Orain arte, diru laguntza %25ekoa zen.

Azkenik, Estatutuak Kontseilu Autonomoaren eraketa ezartzen du, organo aholku emailea, alegia. Kontseilu hori elkarte adierazgarrienek eta estatuko zein autonomia erkidegoetako administrazioek osatuko dute.

Kolektibo oso heterogeneoa

Langile autonomoen kolektiboa barreiatua eta heterogeneoa da. Gizarte Segurantzako erregimen berezian hiru milioi autonomo baino gehiagok kotizatzen du eta kolektibo horretako kideen %94ak ez dauka bere konturako langilerik edota langile bat edo bi.
Gainera, langile autonomoen bostena bere senitartekoen laguntzaz baliatzen da negozioa aurrera ateratzeko. Menpeko autonomoak jadanik kolektiboaren %10 dira. Hain zuzen, figura horrek azken urteetan gora egin du, eta horrek ekar zitzakeen neurrigabekeria nabarmenenak ekiditeko asmoz sortu da arautegi berria.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude