Egonkortasuna, abuztuan

  • Miguel Sanzek Nafarroan egonkortasuna bermatu behar dela esan du. Hori dakarte egunkariek.

    Larrialdietako zerbitzuan, Ana irakasleak eta Sara informatikariak ez dute egunkaria irakurri oraindik, eta hizketan hasi dira, pasabidearen hormetako eskudelen kontra bermaturik, medikuek haien amek partekatzen duten gelan bisita egin bitartean. Hamar minutu lehenago, logelan zirela –Sara, aldi berean almandrogilak egiten, aitaginarrebari pixoihala aldatzen, ikuzgailutik arropa ateratzen eta beste hainbat zereginetan aritzeko gauza den Valentina etxekoandreari buruz Jon Alonsok idatzitako Eulia azaroan istorioa (Erretzaileen eremua) leitzen, eta Ana, Bilbon bizi den ahizparekin telefonoz mintzatzen–, ez zuten elkar ezagutzen, baina orain aspaldiko adiskideen antzera ari dira. Sarak alargundu berria den Carmen amaren historia laburbildu dio Anari. Oinaze handiak eragiten dizkion gaitz batek joa, seme epileptikoaren pilulen gaindosia hartu zuen bezperan, etsialdi batean. “Anaiarenak beharrean bereak hartu izan balitu, dosi horrekin hila egongo litzateke orain”. Anak ere badu zer kontatu. Aitak ikastetxera deitu dio larriturik, amak bat-batean arnasa hartzeko zailtasunak zituelako
Inma Errea
Mikel Saiz
Medikuek albiste onak dakartzate logelatik. Sararen ama laster joan ahalko da etxera: bizi-konstanteak egonkorturik, bere onera etorri da Carmen. Anari Josefa amak biriketan odolbildua izan duela esan diote, baina desegitea lortu dute, eta emakumea egonkor dago. Dena den, ospitalean gelditu beharko du denbora batez, eta gero ere arta beharko du. Sara eta Ana pozik daude. Behin egoera egonkortuta, irtenbide bat ikusten dute. Ospitalera etorri zirenean zeuzkaten kezkak baino gehiago eramanen dituzte bertatik, baina pozik helduko diete berriz larrialdiagatik abandonatu behar izan dituzten laneko zein etxeko ardura arruntei.

Josefa ospitaleko barne-medikuntzako atalera eramatera etorri den Mikel andazainak irribarre batez agurtu du emakumea. Pedagogia ikasi arren, hamar bat urte egin ditu dagoeneko ospitalean lanean, behin- behineko kontratuekin beti. Orain dela hilabete batzuk oposizioak gainditu zituen, eta lanpostu finkoa bereganatu. Lan egonkorra lortu izana ospatzeko, irailean Lanzarotera joanen da, familiarekin. Gaur lanera zetorrela MP3ko irratian albisteak entzun ditu. Lehenik eta behin, Miguel Sanz berriro ere Nafarroako presidente izanen dela esan dute. Gero, jendeak hamabost eguneko oporraldiak hartu beharrean aste betekoak hartzen dituela, gorabehera ekonomikoak medio. Kanariar irlak ere aipatu dituzte, haietara berriro saldoka iristen ari diren etorkinei buruz mintzatzeko. Mikelek gogoan hartu ditu orain egun batzuk Miguel Sánchez-Ostizek idatzitako hitzak. Idazlearen ustez, benetako bidaia-kontaerak –benetako bidaiak– pobretasunetik ihesean eta haien herrietan ez duten erosotasunaren bila datozen etorkinen istorio epikoak dira.

Bitartean, Nellyk ez daki ezer oraindik, baina laster lanpostu egokia eskainiko diote. Ama ospitaletik irtetean, Anak pertsona bat bilatuko du, gurasoak etxean zaintzeko. Nelly boliviarrak pozik onartuko ditu Anak eskainitako lan-baldintzak, orain arte izan dituenak baino dezente hobeak direlako. 27 urterekin Bolivian gizonaren zaintzapean bost seme-alaba utzi dituen emakumeak hurbilago ikusiko du, posibleago, hiru bat urtean diru pitin bat egin eta bere herrira itzultzeko duen helburua. Anak soldata duina eskainiko baitio, gurasoak zaintzearen truke, eta logela bat. Paperik gabe segituko badu ere, Nellyk inoiz ezagutu duen bizimodurik egonkorrena izango du azkenik.

Josefari pilulak eman bitartean entzunen dio Nellyk, telebistan, Miguel Sanz presidenteari esaten Nafarroan egonkortasuna bermatze aldera hartu duela berriro gobernatzeko ardura. Nellyk ezer gutxi konprenituko du.

ASTEKARIA
2007ko irailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude