Hernández Abaituaren ipuinak bi hizkuntzatan

  • Mikel Hernández Abaitua ::Bazko Arrautzak

    Atenea

    orrialdeak ::252

    prezioa ::15€

'Bazko Arrautzak'
Errealitatea eta fantasiaren tenkan biziarazten ditu Mikel Hernández Abaituak 1995ean Bazko Arrautzak izenburuarekin euskaraz plazaratu zituen ipuinetako protagonistak. Orain, jatorrizko hizkuntzan eta egileak berak Huevos de Pascua tituluarekin gaztelaniara egindako itzulpenarekin kaleratu ditu Madrilgo, Alcalá de Henareseko eta Euskal Herriko unibertsitateek elkartzen dituen Ateneak, Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Zentroak. Liburuak, Ateneako euskal adarraren zuzendari Jon Kortazarren Vindicación de la alegoria azaltzen du, Mikel Hernández Abaituaren idazlanen, eta bidenabar Bazko Arrautzak bildumako ipuinen azterketa. Kortazarren iritziz, espresionismo kafkiarra, errealismo zikina eta surrealismoa dira, zeharo ezberdinak izan arren, halako hariak lotzen dituen Begiak, Anaia, Auzokoa, Zakar-poltsak saltzen ditut, Heriotzaren pabiloia eta Bazko arrautzak ipuinen ezaugarri nagusiak. Hiru istorioetako protagonistei beren bizitza errotik aldatu dien zerbait gertatu zaie; beste hiru ipuinetakoei, berriz, ohiko bizimoduaren monotonia haustera datorren gertaera. Guztien nahia, sortu zaien arazoari irtenbidea aurkitzea baino ez da.
Mikel Hernández Abaitua
«Liburu honetako istorio guztiak Bazko arrautzak dira»

Kezka sorrarazten dute Bazko Arrautzak-eko ipuinok. Begiak izenekoak, adibidez...


Narrazio hori hainbeste luzatu zitzaidan, ezen eleberri laburra dela esan behar bainuke. Oso gaztea delarik sabelean bi begi sortzen zaizkion pintore baten istorioa kontatzen du. Zaila da, nire ustez, hau baino ipuin errealistagorik idaztea, zeina Arthur Violette poeta ospetsuari eskainitako omenaldia baita, Bernard Adamsek ere Utopia bere liburuan apokrifoki biografiatu zuen hura bera.

Eta Anaia ipuinaz, zer diozu?


Oroitzapen ipuina da, desagerketa baten istorioa. Egia esan, botila baten barruan bidalitako mezua da, Anthony Tebaldiri aspaldi igorri nahi niona. Badakit posta bide hau ez dela batere segurua; hala ere, ohikoa baino fidagarriagoa iruditzen zait. Auzokoa eta Zakar-poltsak saltzen ditut, berriz, oso aspaldi idatzi nituen, Ramón Cervera zenak zuzendutako literatur tailer batean. Oraindik zeharo ongi ulertu gabe dugun autorea da Cervera, zeina askoz hurbilago baitzegoen Borgesengandik edozein errealismo zikinetik baino, jende guztiak kontrakoa esan arren.

Azken bi ipuinak geratzen dira aipatzeke?


Heriotzaren pabilioia, bosgarren narrazioa, Begiak izenburukoarekin erkatuz gero diferentzia handirik ez dagoela neure buruari demostratzeko idatzi nuen. Eta Bazko Arrautzak, azken ipuinean agertzen diren pertsona eta leku izenak, jende guztia laster konturatuko den bezala, Francisco Simsiren benetako bizitzatik aterata daude, ezagutzen dudan idazlerik errealistena. Ipuin honek liburu osoari ematen dio bere titulua, istorio guztiak Bazko arrautzak direlako.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude