«Saredun eskuarekin oharkabean ihes egiten duten gauza interesgarriak harrapa ditzakegu»
Zer ezkutatzen du azaleko saredun eskuak? Eta basoak?
Ezkutatu baino, atzean ikusten dena ni naiz. Saredun eskua izan nahi duen tipoa. Sare horrekin askotan oharkabean ihes egiten duten gauza interesgarriak harrapatzeko. Basoak nolabait gauza bera islatzen du, animalia edo intsektu txikiz beteriko leku zoragarria; bizitzaren metafora da.
Berdin sentitzen / abesten dira “beste batek” idatzitako hitzak?
Nire kasuan oso neureak egiten ditut besteek idatzitakoak. Idazten duenak ondo ezagutzen bazaitu erraz lortzen da konexio hori. Idazten zu baino trebeagoa den batek askotan zuk baino hobeto azaldu dezake zure mezua. Trebezia eta konexio kontua da.
Intsektuak oso presente daude hainbat hitzetan…
Intsektuen ehiztariaren irudiak ondo islatzen du disko honetan adierazi nahi dudana. Gauza txikien atzetik ibiltzearena ametsen atzetik ibiltzea bezalakoa da. Intsektuen ehiztariak pazientzia handia behar du, detaileak baloratzen ditu… Horretaz mintzatu nintzen idazleekin eta hor agertu dira kantuetan.
Aurrekoan Anarik esan zuen ARGIAn egindako elkarrizketa batean rocka alferrena dela eta literatura jende konstantearena…
Alferra naiz, baina konstantea ere bai. Nahiko alferra, baina epeka. Bai literaturan bai musikan lan handia egin behar da gauzak ondo egiteko eta seguru nago Anarik ere lan handia egin duela. Hori bai, lana eginda, alferra izaten ere jakin behar da.
Azken aldian musikaritzat baino soinu ekoizletzat duzu zure burua? Orain kurrikuluma egingo bazenu, zer jarriko zenuke aurretik?
Izatez kantugilea naiz. Gertatzen dena da nire diskoen tartean beste gauza batzuk egiteko aukera ere badudala. Ondo dago burua haizatzeko eta, beste lanbiderik ez dudanez, halakoetan nabil nire proiektuetan ez nabilen bitartean; baina izatez, beste batzuekin lan egiteko zortea duen kantugile eta kantaria naiz.