Dani Blanco
Emaitza jakina da: Euskadin EAren emaitzak penagarriak Gipuzkoan ezik, Gipuzkoan nahiko onak. Koalizioa apurtzearen aldekoek zigor nabarmena jaso dute eta koalizioaren aldekoek emaitza txukunak atera dituzte. Emaitza horiekin, zer egin Gipuzkoan? Ikusita PNVk Gipuzkoan jasotako zigorra, Iñaki Galdos prest zegoen Miguel Buen sozialistarekin akordioa gauzatzeko eta Gipuzkoako Diputazioaren gobernua elkarrekin osatzeko. Baina –beti dago bainaren bat– euskal politikan, horrelako akordio batek arriskuan jarri zezakeen Lakuako hiruko gobernua, baita sostengatzen duen oreka jokoa ere, eta hau gai potoloetan sartzea da. Ondorioa, paradoxa baten antza handia du, PNV-EA koalizioa apurtzeko apustua egin zutenek ikaragarrizko presioak egin dizkiote Galdoseri PNVrekin akordioa adosteko Gipuzkoan.
Eta Nafarroan? Zer kalifikatibo erabili hangoa deskribatzeko? Hauteskundeetan erabakitzen zen gai nagusiena hauxe zen: Sanz kapaz izango zen gehiengo absolutua berritzeko UPN-CDN koalizioarentzat edo ez. Eta bigarren mailan, indar politiko bakoitzaren indarra ikustea hauteskundeen epaia pasa ondoren. Emaitzak oso garbiak izan dira lehenengo gaian, Sanzek ezin izan du gehiengo absolutua berritu. Bigarren gaian sorpresa inportantea: PSN bigarren indar politikoa izan beharren, hirugarren indarra da orain eta bere tokia NaBai koalizioak bereganatu du. PSNren apustua UPN gobernutik botatzea zen eta gobernu alternatiboa burutzea.
Gobernu alternatibo hau gauzatzeko, nahitaez, zenbakiek lagunduz gero behintzat, PSNkoak behartuta zeuden NaBai koalizioarekin akordio batera iristea, bestela garbi zegoen gobernu alternatiboa saltzea kea besterik ez zela. Bada, negoziaketen emaitzak ikusita kutsatutako ke ilun baten aztarnak nabariak dira. Zer egin behar du orain PSNk? Hauteskunde berriak ez dira izango seguru asko, baina izango balira zer eskaini lezake PSNk? UPNren gobernu alternatiboa egiteko PSNkoek beren amets beroenetan ere ez dute gehiengo absoluturik lortuko, nahitaez, akordioetara iritsi behar dira. Baina zeinekin adostu behar dute gobernu alternatiboa NaBairekin ez bada? Eta oraingoan gai ez badira izan akordioa egiteko, hauteskunde berrietan zer eskaini dezakete?