Markinako euskalkia ikertu zuen eskoziarra

  • Liburu bat euskarari buruzkoa, orain dela laurogeitaka urte eskoziar hizkuntzalariak Markinan (Bizkaia) egina eta Herbehereetan argitaratua (1925), oraindik orain Jabier Kaltzakorta ikertzaileak maitekiro eta maisuki aztertu eta Labayrun berrargitaratua. The Basque Dialect of Marquina, euskara monografiatan lehenengoetakoa, eta abentura bat osoa.
'The Basque Dialect of Marquina'
Argitalpen berria prestatu digu Jabier Kaltzakorta irakasle eta ikertzaileak ohi duen ganora eta zehaztasunez, lehen iluna zegoen tokian argia eginez. Ez du maldan behera jardun, horratik. Bat baino gehiago izan ditu askatu beharreko korapilo bihurriak.

Lehenengo-lehenengo, eginahalak eta bi egin behar izan ditu aztertu digun liburu ederraz jabetzeko. Ez alferrik ari da zailtasun horrexetaz Kaltzakorta hitzaurrearen estreina-estreinako hitzetan: “The Basque Dialect of Marquina liburua eskuetaratzeko, gehienean, ez da nahikoa ahalegin guztiak egitea. Ahalegin guztiak asko dira, leku batzuetan bost, bestetzuetan zazpi, ahalegin guzti-guztiak, ostera, hamar direla esaten da Markinaldean. (...) Bada, liburu zaharren denda zein biblioteketara joatea be askotan ez da nahikoa izaten The Basque Dialect of Marquina liburua lortzeko. Bigarren berrargitarazino honetan argia ikusten dauen liburu hau estimatua da gaurko eta atzoko euskaltzaleentzat”. Perla preziatua da lan hau, inondik ere, irakurle jakin-minarentzat.

Hizkuntzalari eskoziarra egile

William Rollo dugu liburuaren egilea. 1882. urtean Glasgown jaioa, Hegoafrikan hil zen 1960an. Leideneko (Herbehereak) unibertsitatean hizkuntzalaritza ikasi zuen, garai hartan Christian Cornelius Uhlenbeck euskaralari zaildua irakasle zen unibertsitatean. Uhlenbeckek berak “zaletu, gogoberotu eta gidatu” zuen Rollo euskal gaietara, Jabier Kaltzakortak idatzi duenez.
Rolloren lanak isilean iraun du urte askoan. Villasantek ez du aipatu ere egiten Historia de la literatura vasca lan zehatz eta entziklopedikoan. Ez ezagutzearen arrazoi bila abiaturik, Kaltzakortak badu ustea: “Batetik, lan bat bakarrik eskaini eutsan euskereari; lan hori, bestetik, aspaldian agortua dago. Lan bat bakarra baina, bere bakartasunean, lan ederra eta zientifikoa (…) orduko bi euskaltzainen aitamen edo kritika ona izan eban”. Georges Lacomberen eta R.M. Azkueren kritikak, alegia. Horien berri ere ematen du Kaltzakortak liburuaren atarikoan, eta zenbait eskutitzen erreprodukzioa ere eskaintzen digu.

Rollo Markinan, 1923-24ko udatan

Eskoziar hizkuntzalaria Markinara etorri zen, beraz, Uhlenbeck irakaslearen eraginez, eta Markinako euskarak mende askotan eduki duen sona handiaren ondorioz. Bizkaiko herri horretan, hala ere, leku seinalera jo zuen Rollok. Kaltzakortak idatziak dira jakingarriok: “Markinako kaleartean egon beharrean, Barinagara, Eibarreko lurrekin muga egiten dauen Markinako auzoera jator batera joan zan. Ez dago esan beharrik Barinaga Markinako kaleartetik urrin samar dagoana, bost kilometrora. Barinagan, bere emazteagaz ostatuz egon zan Zubiaurrekoan. Zubiaurrekoa, auzoerako erdi-erdian, bihotz-bihotzean dagoan taberna-ostatua da. (…) Rollo senar-emazteak bi udalditan, beraz, apopilo egon zirean euskera ikasi eta baserritar-nekazaleekin berbetan. (…) Oraindino be Zubiaurrekoak zein barinagar edadetuak, hainbeste berbeta ekiazan Rollo jaunak –ingelesa, nederlandera, gaztelania, latina eta grekoa– euskera ‘politto baten’ ikasi ebala gogoratzen dabe…”. Ikasi, eta aztertu…

Sasoi hartan Juan Jose Mugartegi zen Markinako alkatea. Intelektuala ere bazen, ordurako argitaratuak zituen hainbat lan RIEV aldizkarian. Rollo eta Mugartegi harremanetan izan ziren, eta, segurik, alkatearen bitartez ezagutu zuen eskoziarrak euskara erakutsi eta barinagar baserritarrekin harremanetan jarriko zuen kristaua, hau da, herriko arimazain don Juan Barkin abadea, geroko baten hizkuntzalariari lanak txukunduko zizkion –edo txukundu asmoz jardungo zuen– pertsona, alegia.

The Basque Dialect of Marquina

Liburua, finean, gramatika laburra da, sasoi hartan Markinako Barinagan egiten zen euskararen azterketa sinkronikoa. Kaltzakortarenak dira azalpen-juzkuak: “Berba baten esateko: fonetikaz bost orrialde ditu eta joskera edo sintaxia alboratuz batez be alde morfologikoa aztertzen dau. Liburuaren azken bi ataletan hamar testu eder eta berbategi bat emoten ditu. (…) Kontu honeek guztiak garbian jarririk, zer eretxi emon lei? Morfologiazko lan on bat dala, bere huts eta akatsak gorabehera; dialektologiazko lehenengo lanetariko bat da, ezetariko duda barik”. Gehiago ere badio gure ikertzaileak, ahoan bilorik gabe. Gaur egun erabiltzen den metodologiaren ardatz nagusiak Rollok bere lanean ezarritakoak ei dira. “Ia monografia guztiak rollotarrak dira, gure W. Rolloren zatiak edo azter-atalak dituez. Bokalismoa, deklinabide atzizkiak, aditz paradigmak, berbategia eta aho-euskerazko testu batzuen transkripzinoa”. Ezin pagatuzko zorra, beste behin, euskaldunok atzerriko hizkuntzalariarekin duguna.

Ezin pagatuzko zorra azterketa egiteagatik, erabilitako metodoagatik, ezarritako ereduagatik. Bi udatan leku arrotz batean egon, materiala batu, Herbehereetan atondu eta tesia egin zuen Rollok, Markinako euskara guztia ez aztertuta ere: “Markinako euskerea, jakina, liburu horretan sartzen dana baino askoz gehiago da, zorionez”.

Alarabea, Euliski gigantea…

Mila urte igaro eta ura bere bidean da beti edo gehienean. Kaltzakortaren esanera, liburu honetako atal batzuek balioa galdu dute. Aditz paradigmez eta hiztegiaz ari da, batik bat. Besterik da testuei dagokien partea. “Hirugarren atala, testuak dakarzana, ostera, baliotu egin da, berba batean ‘urregorritu’. W. Rolloren liburua agertu zan urte berean, bi euskaltzain begi-zolik, Azkuek eta Lacombek, ohartu eben testuon balioa. Orduko balioa, ostera, urteen puruz ontzen dan ardo onaren antzera, handitu egin da, zorionez”. Azkue eta Lacombe bezala, Villasante ere jabetu zen testuon balioaz. “Barinagako auzunean jasotako ipuin ederrak, euskal folklorearen pitxirik jatorrenetako batzuk. (…) Eta ipuin hoien artean Euliski da jostagarrienetako bat”, idatzi zuen frantziskotarrak.

Rollok hamar testu bildu, transkribatu eta ingeles itzulpenarekin eman zituen. Kaltzakortaren ustez, Alarabie, gigantian eta gison-jatallian ipuñe, Euliski gigantie, Lamiñek, Lapramendi atsue eta Marixe kobauko dira. Gure ikertzailearen sententzia pozezkoa da: “Markinarra jaio eta herio izan behar hain elezahar zoragarriak eta hain aberats kontatzeko. Hamar testuen artean bost, mirarietan miraria, sagak edo leiendak dira. Berba baten: Markinako baserriei edo eleizan lotutako esaunda, elezahar edo leiendak”.

Ohi duenez, urregorrizko sarrera ederra eta azterlan zehatza egin dizkio Kaltzakortak urregorri den Rolloren liburuari. On da Kaltzakortak berak izatea azken hitza: “Baserritarrekin maitasunez egindako elkarrizketa aberatsetan, Euliskiren ipuina dogu eta ipuin eder horren amaiak ezusteko handia be badau: markinarrak Euliskiri emondako erregalua da idi-narru bi alkar josita zaku haundi bat eginik eta urrez beterik. Euliski gigante edo erraldoi mesedeginari markinarrak emondako erregaluak baino gehiago balio dau W. Rollo eskoziarrak markinarrei emondako liburu honek. Eta erregalu astun-handia izan arren, Euliskik idi-narru biak atzamar bategaz jaso zituan lez, guk be liburu hau eskuan edo galtzarpean hartu eta geure etxeko bakartasunean irakurri ginei”. n

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude