Aitor Aranak gazteentzat idatzitako Lurpeko herrixka misteriozko nobelak hemezortzi urteko bikotea du protagonista. Neska, batik bat. Izan ere, mutilari anaia nagusiak astebururako autoa utzi diola aprobetxatuz Pirinio aldera doazenean, udazkeneko ekaitz beldurgarri bat sartuko zaie bat-batean, eta istripu latza izango dute. Mutila hil egingo da. Laguntza eskatu nahi luke neskak, baina gertueneko herria ere urrun dago eta ekaitzak bere gogorrenean jarraitzen duenez, ikusi berri duten baselizan itxarotea erabakiko du. Bertan pasatzen duen gauean gauza harrigarriak ikusiko –edo amestuko?– ditu neskak Eta hurrengo goizean herritarren laguntza lortzen duenean, mutilaren arrastorik ez dute aurkituko. Hirira itzultzean berriz, amak esango dio mutilak deitu berri diola.