argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko uztailaren 29a

Potato talde gasteiztarrak abenduaren 31n eskainiko du bere azken kontzertua. Aurrez beste hainbat emanaldi eskainiko ditu agur moduan. Abuztuaren 4an, adibidez, Gasteizko Foruen Plazan joko du 23 urteko ibilbide oparoa egin duen banda arabarrak. Kontzertu hori grabatu egingo dute, eta Durangoko Azokan salgai izango den disko-liburuan sartuko dute. Disko-liburu hori argitaratu baino lehen, ordea, hiru kantaz osatutako diskoa kaleratu du. Gracias y agur du izena diskoak.

 

Patxi Zubizarretaren Urrezko Giltza (Erein) jatorrizko lana eta Juan Mari Mendizabalen Bidaia munduaren amaierara (Erein) itzulpena sartu dituzte IBBY zerrendan. Zerrenda hori berriki argitaratutako liburuen hautaketa da, kalitate handiko Haur eta Gazte Liburuak biltzen dituena. Zubizarretaren lana idazleen sailean dago, eta Mendizabalena itzultzaileenean.

 
 

Ramon Cascado pintore espainiarrak Zarauzko Sanz enea aretoan jarri ditu ikusgai bere obrak. Paperaren arima izeneko erakusketa abuztuaren 26a arte izango da zabalik..

 

Pedro Aguilera zinemagile donostiarraren La influencia filmak sari nagusia irabazi du Bruselako L'Age D'Or et Cinèdècouvertes jaialdian. Espainiako Estatuko zinema aretoetan pasa den ostiralean estreinatu zen filmak 5.000 euro jaso ditu. Une gogorrak bizi dituen emakumea –Paloma Morales aktoreak betetzen du haren papera– eta bere seme-alabak dira protagonista nagusiak.

 
 

Landarbaso abesbatzak bi sari irabazi ditu Kalifornian ospatu den San Luis Obispo nazioarteko lehiaketan. Folklore sailean bigarren postua lortu du eta derrigorrezko obren kategorian berriz, hirugarrena. Errenteriako abesbatzak 21 kontzertu emango ditu aurten.

 
 

Ines Irazuk musikaren inguruko liburuak saltzen dituen Pentagrama denda ireki du Donostiako Prim kalean. Gipuzkoako hiriburuan ireki den estilo honetako lehen denda da.