Hamar urte haitza bezain sendo

  • XVIII. mendean Bilboko Meseedetako eliza eraiki zutenek nekez igarriko zuten haren patua: kontzertu-areto bihurtzea. Kanpotik ikusita eliza duzue oraindik, tenplu zaharra; barrukoa berriz, Bilborock da 1997tik. Abadeen ordez, musikari eta antzezleek ase dituzte eliztar berrien arimak, arin bai arin igaro den hamarkada honetan. Eta ez da ikusentzulerik falta izan: Bilboko biztanleria osoaren bi halako, gutxi gorabehera. Ez da kristau kopuru makala.
Bilborock
Bilborock
1750ean, Mesedeetako komentuaren eliza eraiki zuten Bilbon, Ibaizabalen ezker ibarrean, Alde Zaharretik oso gertu. Artean ez zen rock musikarik existitzen. Denboraz, komentua eraitsi zuten, eta eliza itxi. XX. mende amaieran, zeharo hondatuta zegoela, bazirudien desagertzea zela bere patua, baina azken unean Udalak erosi zuen. 1989. urtea zen. 97an eliza, zaharberrituta ordurako, Bilborock udal aretoa bihurtu zen.

Azken urteetan Jon Aritz Bengoetxea izan da Bilboko Gazteria zinegotzia, eta hortaz Bilborockeko kudeatzaile eta programatzailea. Aretoak hamar urte bete dituen honetan, hel diezaiegun bere hitzei, Bilborocken sorrera gogoratze aldera: “Kontzertu-areto publikoa egitea erabaki zen, eta hori, garai hartan, ez zen batere ohikoa. Apustu handia izan zen. Musika mundua Bilbon mugitzen zen, baina ez zegoen gaur dagoen areto mordoa”.

Pop-Rock Lehiaketak emandako bultzada

Hamarkada honetan, musika izan da osagai nagusia Bilborocken eskaintzan. Gehiago hasieran. “Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketa bertara eramatea erabaki zen, ordura arte leku batetik bestera zebilen eta. Horregatik, musika izan da beti ardatz nagusia Bilborocken”. Izenak ere hala ematen du aditzera, egia esan. Alabaina, “eta batez ere azken hiru urteotan”, izan da musikaz besterik Mesedeetako eliza zaharrean. “Jendeak badaki, izena gorabehera, eskaintza zabala topa dezakeela bertan”.

Pop-Rock Lehiaketaz den bezainbatean, esan dezagun betidanik izan dela publikoa, eta hogeigarren urtemuga izango duela 2008an. Honezkero ospe handia lortu du, hemen bezala Europan ere, Jon Aritz Bengoetxearen hitzak aintzat hartu behar baditugu. “Leihaketak eragin du Bilborock entzute handikoa izatea; aretoa eta lehiaketa, batera doaz biak. Interneteko bilatzaile batean sartzea nahikoa da horretaz konturatzeko”.

Hamarkada bat, numerotan emanda

Hamargarrena bezalako urteurren biribilean zenbakiak aipatzeak ezinbestekoa dirudi. 900 kontzertu hamar urtean; 1.000 antzerki emanaldi, 600 talderen eskutik, horietako asko umeentzat; baita zinema, ipuin kontalariak, hitzaldiak eta poesia irakurraldiak ere. Ziklo batzuek, dagoeneko, bertan egin dute habia: Zinebi, Zinegoak, Bilbon Eskolatik Antzerkira kanpaina, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia… Iaz gainera, Aste Nagusiko Bizkaiko Taldeen Pop-Rock Erakustaldia hara eraman zuten, Unamuno plazatik.

2.800 ekitaldi inguru izan dira hamar urtean eta 700.000 lagun joan dira. “Guretzat –dio Bengoetxeak–, garrantzitsuena da jendeak orain baduela Bilborock gogoan. Zerbait egin nahi duen artistak, programatzaileak… badaki gugana etor daitekeela”.

Bengoetxeak azaldu duenez, Gazteria Saila Pop-Rock lehiaketa antolatzeaz arduratzen da eta gainerakoa programatzaile pribatuek egiten dute. Paradoxa ederra: Gazteria Sailak gorriak ikusi zituen urteurreneko ekitaldietarako egun bila hasi zenean.
“Okupazioa handia da, ia ez dago egunik libre, ostiral eta larunbatero egiten da kontzerturen bat edo bestelako ekitaldiren bat”.

Helburua orain okupazioa %100era iristea dute, “baina horrek kanpora ateratzera behartzen gaitu; besteren zain egon beharrean, gu joan behar gara bila. Zergatik ez Bergarako Jam-era jo, esaterako, eta hango programatzaileei Bilborock aurkeztu?”.

Estilo ugari

Aretoan badago rockaz besterik zer entzun. Bengoetxearen esanetan, “rocka, metala… egia da kontzertu gehien jite horretakoak izaten direla, baina Bilborocken estilo askorentzako lekua dago. Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketan urtero geratzen da agerian gazteen musika ez dela rocka bakarrik”. Denetik entzuteko parada dago aretoan: hip-hopa, rapa, flamenkoa, musika elektronikoa…

“Talde berri samarrak eramaten ditugu, eta baita ibilbide luzea eginda dutenak ere. Dena dela, ez dira talde ezagunak izaten zirkuitu handietan”.

Musika eta argazkiak urteurrena ospatzeko

Bilborocken ibilbidea 1997ko apirilean hasi zen; urte erdi geroago, azaroan, bertako taldeentzako entsegu gelak zabaldu zituzten, zazpi guztira. Hamar urte hauetan, 1.300 talde inguru ibili da horietan –gaur egun 130 dira–. Talde horiei protagonismoa eman nahi die aretoak orain, urteurrena dela eta: “Urrian edo azaroan maratoi bat antolatu nahi dugu horiekin”, iragarri du Bengoetxeak.

Horixe izango da Bilborocken lehenbiziko hamarkada ospatzeko azken ekimena. Beste batzuk burutu dira dagoeneko. Apirilean hasi zen ospakizun sorta, Bilboko eta inguruko hainbat musikarik eskainitako doako kontzertuekin. Maiatzean, berriz, aretoaren historia laburbiltzen duen argazki erakusketa hasi zen eta iraila bitartean hiriko Auzo Etxeetan zehar ibiliko dira.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 29a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude