Lau urte zituen Javier García-Larrachek sendi osoarekin batera atzerrirako bidea hartu behar izan zuenean. Orain, harro aurkezten du, Pamiela argitaletxearen bidez, bere aitaren biografia García Larrache, un republicano navarro euskaldún (Pamplona, 1889 - Bayona, 1956) izenburuko liburuan. Rufino García Larrache 1931-1933 garaian Nafarroa errepublikar bihurtzeko borrokatu zuen gizona izan zen. 1932an lan egin zuen Iruñeko Batzarrak Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotuko zituen Estatutu bat sortzea onar zezan. Ez zuen ez bata eta ez bestea lortu, eskuina nagusitu zelako. Franco, Mola eta beste kolpistak garaile gertatu zirenean, atzerrira alde egin behar izan zuen Rufinok, baina handik ere ahalegindu zen Errepublikari laguntzen.