Zer suposatu du zuretzat liburu honek?
Balentxi lagun adiskide maiteari buruz idaztea, beste edozeren gainetik, atsegin gozoa izan da. Baina betebehar bat ere bai. Izan ere,
Balentxiren figura hurrengo belaunaldietan gogoratzea merezi duen horietakoa da, eta haren memoria idatziz uztea, nirea ez ezik, beste askoren zeregina ere izan da. Ze, liburu hau ez da nirea bakarrik.
Balentxi ezagutu eta zerbait idazteko aukera eta gogoa izan dutenez gain, harekin zerikusia izan duten guztiena ere bada.
Zer diozu jarritako tituluaz?
Apostolua izan zen Jose Manuel Balentziaga Añon
Balentxi, horretan ez dago dudarik, Jesus Nazaretekoak bere ikasle gisa aukeratutakoen espiritu berberaz jokatu baitzuen beti, libre eta ausart. Hamabi lagun hartu zituen berekin Palestinako profetak; bat ustel atera zitzaion, Judas Iskariote, saldu zuena. Haren ordez Bernabe aukeratu zuten lehen kristauek, Paulo gero. Hamairu apostolu osotara. Jorge Oteizak Arantzazuko komentuko ateburuan hamalau apostolu ezarri zituen Pietatearen inguruan. Zein ote hamalaugarrena? Liburu honen egileen arabera, zalantzarik gabe hamalaugarren apostolua
Balentxi da.
Arrazoiak?
Euskal apaiz matxinoa izan zelako: behartsuen hurkoa, preso guztien anaia, Eliza ofizialaren zigorra, drogak jotakoen defendatzailea, zapaltzaileen etsaia, adinduen itsumutila, etorkinen babeslea... Euskararen maitalea ere izan zen.
Balentxi beti ibili zen euskararekin lehian, ikasi nahirik setati.