Artemisa etxera eramateko 28,6 milioi dolar (21,4 milioi euro) ordaindu berri ditu bildumagile europar anonimo batek. Enkantea New Yorkeko Sotheby’s etxean izan zen eta, filmetan ikusi ohi den bezala, lehia gogorra izan zen hiru bildumagileren artean. Eta azkenean errekor guztiak hautsi zituen Artemisa eta oreina brontzezko eskulturak; eskultura baten truke inoiz ordaindutako kopururik handiena 27,4 milioikoa zen ordurarte, Brancusiren Txoria espazioan lanagatik duela 2 urte ordainduak. Artemisaren eskultura K.a. I. mendea eta K.o. I mendea bitartean egin zuten, eta adituek lanaren mugimendua eta xehetasunen kalitatea nabarmentzen dituzte. Baina halako dirutza merezi ote du? Sotheby’s-eko Richard M. Kesereyk baietz dio, zalantza izpirik gabe. Eta zer esango du, bada, kopuru horren zatitxo bat poltsikoan bero-bero duen bitartean?