argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Alternantziaren porrota, oposizioaren aukera
  • abuztuaren 18ra arteko tartea dago Nafarroako Gobernua osatzeko, baina denak adierazten du hori baino lehen eratuko dela. Oihalaren atzean antzematen dira UPN eta PSNren itzalak, Fernando Puras Miguel Sanzi aginte makila eskaintzen, gutxieneko akordioarekin Corellakoak lasai goberna dezan.
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko uztailaren 29a
UPN pozarren eta PSN, UGT eta CCOOko zuzendaritzak ere pozik. Finean, azken 25 urteetan Nafarroan errepikatu den eskema da. Nafarroako PSN apurka hondoratzen ari den jokoa. Deskribatutako ubide beretik abiatuko dira abuztuaren 18ra arteko Nafarroako politikaren urak. Seguruenik, zeren eta izandako joan-etorriekin azken unera arte ezin baita ezer segurtatu ehuneko ehunean.

PSNren jarrera da ulertzeko gaitzena. Ez da ulertzen erakutsitako noraezetik zer etekin ateratzea espero zuten Puras eta Chivitek. Ez da zentzuzkoa pentsatzea NaBairi horren gutxi eskainita, honek amuari kosk egingo zionik; are gutxiago, negoziazioan zehar Iruñea eta beste zenbait udal garrantzitsu eta Legebiltzarreko Lehendakaritza galduta. Sinesgarriagoa da pentsatzea Ferrazek aginduta PSNk hasieratik jokatu duela akordiorik izango ez zela jakinik. Horrexegatik ez da aisa ulertzen horrenbeste itzuliren mesedea non den.

PSNren baitan izango den erantzunari so dago jende asko orain, baina joan den astean Nafarroako zuzendaritzan gertatutakoak, egoera nahiko kontrolpean dagoela aditzera ematen du. Zuzendaritza Batzordeak orain denbora pixka bat hartuko du Eskualde Batzordea deitu aurretik, herriz herri azalpenak eman eta kongresu arteko organo gorena bildu aurretik egoera baretu eta barne desadostasuna desaktibatzeko. Ekaitza baretzea lortuta, hala ere, jasandako higadura saihestezina da dagoeneko.

NA-BAI da 50 eguneko negoziazio luze horietan PSNrekin eskuz esku aritu dena eta berak ere izango du erantzukizunik gertatutako guztian, nagusiki negoziazioen luzamenduan. Orain badirudi hasieratik argi zegoela PSNk egin behar zuena, Purasen negoziazio taldeak inongo unetan ez duela koalizio gobernua osatzeko jarrera ona erakutsi. Baina ez da hori NaBaik gizarteari helarazi diona, behin baino gehiagotan negoziazioen abiada ona saldu baitu, une askotan akordioa lortzear zegoela sinetsiz edo hori gizarteratuz bederen.

Gobernu berria osatzeko ahaleginean, Zabaletak gidatu duen negoziazio taldeak asko eman duela argi geratu da, ahalegin guztiak egin dituela ere bai eta batzuentzat gehiegi akaso. Hauteskunde hauen goreneko helburua UPN boteretik kanporatzea zen eta seguruenik porrot egin da alde horretatik. Baina NaBai posizio onean gelditu da etorkizunari begira, oposizio instituzionalaren kudeaketa txukuna egiten badu, Nafarroan, UPNren gobernua nahi ez duen gehiengo horretan arrantzatzeko asko duelako. Aldaketa gobernu alternantzia baino askoz gehiago da Nafarroan, baina aldaketa horri apurka ekiteko gobernu aldaketa ezinbestekoa da.

NaBai urruti dago oraindik UPNren gehiengotik, nekez pentsa liteke aldaketa buruz buruko lehiaketatik etor daitekeenik; hainbat sektore politikoren aliantzatik etorriko da aldaketa, edo ez da etorriko.

Josu Jon Imazaek gauzak bere lekuan jarri ditu artikulu entzutetsuarekin eta seguruenik bere hausnarketa ‘pertsonalak’ lortu du bere helburua alde horretatik. EAJren baitan dauden iritzi korronteen isla dira Iñaki Gerenabarrena jeltzale arabarrak egindako adierazpenak, alegia Imazekin ados dagoela zenbait gauzatan eta bestetan ez. Artikulua EA eta Ezker Batuari zuzendua zegoela, hori izan da Imazen ñabardura garrantzitsuena. Baina egoera politiko orokorrak –bake prozesuaren porrota– eta EAJren egoerak –barne hauteskundeak– Imaz helburu horretatik harago ari zela pentsarazten dute.

ETA-ren atentatu saioek bere fruitua izango dute lehenago edo geroago. Atentatuen izaerak erakutsiko digu orain hondoratu den negoziazio prozesuak epe ertainean aurrera ateratzeko duen aukeraz.