Penzias eta Wilsonek ez zekiten, handik 50 km eskasetara, Princeton-eko Unibertsitatean, Robert Dickek zuzendutako zientzialari talde bat zarata haren bila zebilenik. 40ko hamarkadan George Gamow jatorri errusiarreko astrofisikariak ondorengo teoria ipini zuen mahai gainean: espazioan sakon begiratuz gero, Eztanda Handiak utzitako erradiazio kosmikoaren arrastoak topatzea posible zen.
Haren ustez, erradiazioa mikrouhin moduan iritsiko zen Lurrera, kosmos guztia zeharkatu ondoren. Horren atzetik zebilen Dickeren taldea, Wilson eta Penziasek Princetonera telefono dei bat egin zuten arte. Euren “arazoa” konpondu nahi zutela esan zioten Dickeri.
Honek berehala, zera esan zien lankideei: “Mutilak, aurreratu egin zaizkigu”.
Penzias eta Wilsonek, nahi gabe, unibertsoaren muga topatu zuten, edo gutxienez unibertsoan ikus daitekeen zatiaren muga, hemendik 144.837 trilioi kilometrora gutxi gorabehera. Lehen fotoiak “ikusten” ari ziren, unibertsoko argirik zaharrena, Gamowk iragarri bezala mikrouhin moduan jaso bazituzten ere.
Ez Wilsonek ez Penziasek, ez zuten euren aurkikuntzaz ezertxo ere ulertu New York Timeseko artikulu batek horren guztiaren berri eman zuen arte. Baina urte batzuk geroago, 1978an Nobel Saria jaso zuen bikoteak.
Gaur egun jakina da erradiazio kosmikoak sortutako asaldua denok esperimentatu dugula behin baino gehiagotan. Telebista piztu eta seinalerik gabeko kanal bat ipiniz gero, pantailan dantzan dabiltzan soinu estatikoz betetzen da (txindurriz, beste modu batera esanda). Bada, soinu estatiko horien %1 Eztanda Handiaren hondakinen ondorio dira. Beraz, telebista programazioan ikustea merezi duen ezer ere ez dagoela pentsatzen duzun hurrengoan, jakizu unibertsoaren sorrera “ikusteko” aukera duzula.