Zarata gogaikarriak Nobel saria merezi du

  • New Jersey (AEB), 1965. Arno Penzias eta Robert Wilson zientzialari gazteek Bell de Holmdel Laborategietako komunikazio-antenarekin lan egiteko baimena lortu zuten. Baina etengabeko soinu gogaikarri batek ez zien uzten euren lan esperimentalean aurrera egiten. Txistu-hots moduko soinua zeruko toki guztietatik iristen zen, egun osoan zehar, urtaro guztietan.

    Urtebetean gazteek denetik egin zuten soinuaren jatorria aurkitu eta desagerrarazteko. Zirkuituak konprobatu zituzten, entxufeak garbitu, kableak mugitu… Antena parabolikora igo eta goitik behera garbitu zuten “material dielektriko zuria” (txori-zirina) ezabatzeko.
    Dena alferrik.
Penzias eta Wilsonek ez zekiten, handik 50 km eskasetara, Princeton-eko Unibertsitatean, Robert Dickek zuzendutako zientzialari talde bat zarata haren bila zebilenik. 40ko hamarkadan George Gamow jatorri errusiarreko astrofisikariak ondorengo teoria ipini zuen mahai gainean: espazioan sakon begiratuz gero, Eztanda Handiak utzitako erradiazio kosmikoaren arrastoak topatzea posible zen.

Haren ustez, erradiazioa mikrouhin moduan iritsiko zen Lurrera, kosmos guztia zeharkatu ondoren. Horren atzetik zebilen Dickeren taldea, Wilson eta Penziasek Princetonera telefono dei bat egin zuten arte. Euren “arazoa” konpondu nahi zutela esan zioten Dickeri.
Honek berehala, zera esan zien lankideei: “Mutilak, aurreratu egin zaizkigu”.

Penzias eta Wilsonek, nahi gabe, unibertsoaren muga topatu zuten, edo gutxienez unibertsoan ikus daitekeen zatiaren muga, hemendik 144.837 trilioi kilometrora gutxi gorabehera. Lehen fotoiak “ikusten” ari ziren, unibertsoko argirik zaharrena, Gamowk iragarri bezala mikrouhin moduan jaso bazituzten ere.

Ez Wilsonek ez Penziasek, ez zuten euren aurkikuntzaz ezertxo ere ulertu New York Timeseko artikulu batek horren guztiaren berri eman zuen arte. Baina urte batzuk geroago, 1978an Nobel Saria jaso zuen bikoteak.

Gaur egun jakina da erradiazio kosmikoak sortutako asaldua denok esperimentatu dugula behin baino gehiagotan. Telebista piztu eta seinalerik gabeko kanal bat ipiniz gero, pantailan dantzan dabiltzan soinu estatikoz betetzen da (txindurriz, beste modu batera esanda). Bada, soinu estatiko horien %1 Eztanda Handiaren hondakinen ondorio dira. Beraz, telebista programazioan ikustea merezi duen ezer ere ez dagoela pentsatzen duzun hurrengoan, jakizu unibertsoaren sorrera “ikusteko” aukera duzula.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 22a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude