argia.eus
INPRIMATU
Udako betebeharrei jarriak
  • I

    Bizi garenez irudiari
    makurtzen zaion munduan
    berokipean diximulatuz
    lasaitu arren neguan,
    konplexu eta izan beharrak
    ugaltzen dira buruan
    lehen ezkutuan zeuden guneak
    bistaratzeko orduan.
Nerea Elustondo 2013ko maiatzaren 06a
Nerea Elustondo
XDZ
II

Iazko galtza motzak ez daude
lehenago bezain eroso...
Nolako drama! Zabaldu gara
hiru milimetro oso!
Soluzioa sinplea eta
eskuragarria oso...
Gu laguntzeko beti prest daude
mila dieta milagroso.


III

Alkatxofaren dietarekin
arin sentitzen hasita
osagarri on izan liteke
gimnasiora bisita.
Zinta batean ordubetean
jardun gaitezke korrika...
Baina hori bai kotxea juxtu
ate aurrean utzita.

IV

Eguzki izpiek hainbat gaitz nola
bihurtu dituzten bere,
eguzkitako krema ematean
nahiz behar lukeen lege
batere eman gabe’re total...
Beltzarantzea da xede!
Horretarako azal guztia
galdu behar bada ere.


V

Depilatzeko ezinbesteko
premi larrien adiktu
burua ez den iledun gorputz
atalik ezin luzitu.
Nahiz eta beste zeozer zela
pentsatzen luzaz aritu...
Tximuak eta pertsonak nonbait
ileak bereizten ditu.


VI

Sarri nahasten ditugun arren
pertsona ta objektua,
(ez nintzen neskez bakarrik ari
barka gaizki ulertua)
aurtengo uda ere izan dadin
berezia, “perfektua”,
irudimenak bete dezala
irudiaren lekua!