argia.eus
INPRIMATU
The Brontës
«Askotan badirudi basamortuan predikatzen gabiltzala. Baina, ez dugu aldatu nahi, egiten duguna gustuko dugulako»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 27a
The Brontës taldeko kideak

Oso noizbehinka sartzen zarete grabazio estudiora kantuak grabatzera; eta oraingoan ekinaldi berean bi disko egin dituzue. Ez da lan egiteko modu ohikoena…


Egia esanda, sarriago grabatzea nahiko genuke, baina hainbat arrazoirengatik ezin izan dugu. Aurreko lana grabatu genuenetik abesti asko pilatuta genituen, eta bidean kantuak gera ez zitezen bi disko egiteko aukera sortu zitzaigun. Ekinaldiko bigarren diskoa 2008a aurretik kaleratuko dutela esan digute diskoetxekoek. Horren kantuak lan honetan ere sar zitezkeen. Abesti guztiak grabatu ostean egin genuen-eta aukeraketa.

Lan honetako kantuak orain artekoak baino gogorragoak eta rockeroagoak dira. Ez da ekoizlearen errua bakarrik izango?


Bai, egia da rockeroagoa eta gogorragoa dela. Garapen naturala da. Hori da orain irten zaiguna, eta orain arte ez bezala aniztasun handiagoko kantuak ditu. Bestalde, Paco Locok soinu trataera kantuetara egokitu du, eta emaitza gogorragoa da.
“On the other side” (Beste aldean) da hainbat kantutan ageri den esamoldea… Zer dago beste aldean?
Ametsen aldea da, nahiko zenukeena, lortu nahi duzuna, itxaropena…

Hitzak irakurrita, esango nuke orokorrean kutsu malenkoniatsua, erreflexiboa, iheskorra dutela…


Abesti batzuetan hala da, baina hori baino positiboagoa da. Itxaropenaren eta bide onaren bilaketaz mintzo gara. Ways to nowhere dira bizitzan hartutako bideak, benetan norantz goazen jakin gabe. Atzera begiratze hori beste bide bat hartu izan bagenu zer egingo genukeen hausnartzeko.

“God gives bread to people without teeth” (Jainkoak ogia ematen die hortzik ez dutenei)… Entzuleek badute ahosabaia bestelako eskaintzak aztertzeko edo ematen dietena entzuten dute, besterik gabe?


Egia esan, askotan badirudi basamortuan predikatzen gabiltzala. Baina, ez dugu aldatu nahi, egiten duguna gustuko dugulako.