Siesta txiki batek zure bizimodua aldatuko du

  • hori dio behintzat Sara Mednick psikologoak AEBetan argitaratu berri duen liburuan. Izan ere, gero eta gehiago dira Eiffel dorrearen itzalean, Empire State erraldoiaren barruan, gure herriko plazetan edota iparraldeko herrialdeetako hotzetan, ekonomiak ezarritako ordutegi zurrunei muzin egin eta ia alferren ohitura bilakatu zen atsedenaldiari heltzen diotenak.
Alemaniako Max Planck Institute-ko Jurgen Aschoff doktoreak duela ia mende erdia esan zuen bezala, gizakia animalia multifasikoa –edo bifasikoa bederen– omen da. Eta gauerdiko beheraldi nagusiaz gain, ba omen da beste beheraldi edo apalaldi motelxeago bat, eguerdi ostean agertzen dena: Horregatik, bazkal ostean sentitzen dugun logura hori ulergarria izateaz gain, itzulezina omen da.

Horixe egiten zuten Leonardo da Vinci, Isaac Newton eta Albert Einstein bezalako gizon ospetsuek, eguna bitan zatitu, eta eguerdi partean –erromatarrek “sexta” izena eman zioten ordu horri, hortik siesta izena– atsedenalditxo bat hartzen zuten. Erdi Aroan erloju mekanikoa asmatzeak eta Industria Iraultzak ekarri zituzten aldaketek siesta zokoratu eta herrialde alfer eta beroen kontua bihurtu zuten.

Baina Sara Mednick psikologoak dioen bezala, siesta doan da, ez da toxikoa eta ez dauka bigarren mailako ondorio arriskutsurik. Aitzitik, gure psikologoak 20 eragin mesedegarritik gora egozten dizkio siesta edo biaoari: estresa murrizten du, alerta maila igotzen du, migrainak arintzen ditu, pertzepzioa hobetzen du, memoriari laguntzen dio, sormena estimulatzen du... Mednick-en ustez, edozein siesta mesederako da 5 minututik 90 minutura bitartean luzatzen bada. Eta hainbat hobe etzaneko jarreran (edo horizontalean) egiten bada, eta lo sakona eragiten badu.

AEBetako hainbat enpresek (Nike etxeak, adibidez) oso serio hartu dituzte psikologoen oharrak, eta gune bereziak ezarri dituzte (nap lounges deituak), langileek bertan siesta egin dezaten, neurri horrekin langileen errendimendua hobetzen dela sinetsita daudelako.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 22a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude