Bilbok eta Baionak bioetanola begiz jo dute

  • Euskal portuetako salgaien trafikoak (ia 47 milioi tona) 2006an gora egin zuen, batez ere Bilbon, eta berdintsu eutsi zion Pasaian eta Baionan. Bilboko eta Baionako portuek interesa agertu dute bioetanolaren eta biodieselaren ekoizpen eta merkatuan.

    Euskal aireportuetako salgaien trafikoa, aldiz, %13,2 jaitsi zen.
Bilboko portua

Bilboko eta Baionako portuek energia garbien barruan sartzen diren bioetanolaren eta biodieselaren ekoizpen edota merkatuan interesa agertu dute. Hala ondorioztatzen da 2006ko emaitzen aurkezpenean iritzi publikoari azaldutako planetatik. Euskal kostaldeko instalaziorik handienak dauzkan Bilboko portuko arduradunek aditzera eman zuten erakundeak jadanik oniritzia eman duela “biodiesela ekoizteko bigarren planta eta beste bioetanol planta bat eraikitzeko”.

Baionako portuko ordezkariek, bestalde, orain arte ohikoak izan diren zenbait trafikok izandako beherakada ikusita, porturako lan ildo berriak iragarri dituzte. Hala nola merkatu berriak –eta horien artean bioetanolaren merkatua– erakartzeko inbertsioak. Ildo horretan, Sevillako Abengoa enpresa espainiarrak Lack-en bioetanol findegi bat eraikitzeko asmoa du, funtsean artoa erabiliz bioetanola sortzeko. Gauzak aurreikusi bezala ateraz gero, datorren urtetik aurrera enpresa horrek Baionako portuaren zerbitzuak eta portuan bertan dagoen salgaiak biltegiratzeko LBC enpresaren zerbitzuak erabiliko ditu. Baionako portuan 2006an ia 4 milioi tonako trafikoa ibili zen. Produktu finduak, artoa, ongarriak, sufrea, siderurgiako produktuak eta produktu kimikoak dira bertako salgaien trafiko nagusiak.

Etanola eta biodiesela bezalako nekazaritzako erregai berriei dagokienez, azpimarratu beharra dago nekazariek eta nekazarien erakundeek mehatxua, iruzurra eta engainua ikusten dutela. Haien ustez, erregai horiek ez dute nekazaritzaren eta klimaren krisia konponduko eta, aitzitik, elikagaien ekoizpenarekin lehian hasiko dira.

Merkataritzako euskal portuek 2006an guztira 46,7 tonatik gora mugitu zuten. Lehen aipatutako Baionako ia lau milioi tonez gain, Bilbok 37,2 milioi tona baino gehiago mugitu zituen eta Pasaiako portuak beste 5,5 milioi tonatik gora. Baionak aurreko urtekoaren antzeko kargari eutsi zion, baina Bilboko portuaren karga %12 handiagoa izan zen, eta Pasaiakoarena %1,7 handiagoa.

Bilboko portua: gora egin du Txinarako trafikoak

Egoera ekonomikoaren bilakaera ona portuetako trafikoan ere nabaritu da. Trafiko hori, beti bezala, egoeraren berri izateko termometro egokia da. Bilboko portuan asko igo da hiru urtez jarraian salgaien eta bidaiarien garraioa. 2006an 37,2 milioi tona mugitu zituen, aurreko urtean baino ia lau milioi gehiago; %11,95eko igoera izan zuen beraz. Inportazioek %13 egin zuten gora eta esportazioek %9. Bilboko portua laugarren postuan dago Espainiako Estatuko portuen rankingean, Algeciras, Valentzia eta Bartzelonako portuen atzetik.

Petrolio gordina –ia bederatzi milioi tona– eta petrolioaren deribatu finduak –lau milioi tona– dira bertako trafikoko produkturik garrantzitsuenak. Ikatza, txatarra, produktu kimikoak eta bestelako mineralak, paper-orea eta ordezko makinak daude atzetik, baina oso urruti. Oraindik ere Britainia Handia da merkataritzako trukeak egiteko gune nagusia. Alabaina, Txinak dezente egin du gora azken urtean, bai edukiontzietan garraiatzen dituen salgaiei dagokienez, eta baita ohiko salgai orokorrei dagokienez ere.
Bidaiarien garraioan, berriz, 185.000tik gora bidaiari garraiatu zituen 2006an, aurreko urtearekin alderatuta %4 gehiago.

Bilboko portuak 62 milioi eurotik gora fakturatu zuen. Sortutako baliabideak fakturazioaren %50 baino gehiago izan ziren, 31,8 milioi euro lortu ziren eta. Bestalde, urtean zehar egindako inbertsioak 33 milioi eurora iritsi ziren. Horretarako, Bilboko portuak 2,4 milioi euroko laguntza jaso zuen Europatik.

Pasaia: txatarra produktu nagusia

Pasaiako portuko salgaien trafikoak iaz 5,5 milioi tonatik gora mugitu zituen, aurreko urtean baino %1,7 gehiago beraz. Portuaren fakturazioa, berriz, 13.700.000 eurokoa izan zen, aurreko urtekoa baino %1,8 handiagoa.

Oraindik ere txatarra da Pasaiako portuaren trafikoko produktu nagusia, salgai guztien %36,02 osatzen baitu. Alabaina, asko igo da automobilen eta siderurgiako produktuen trafikoa. Pasaiatik 232.000 ibilgailu pasatu ziren 2006an, horietatik 26.000 inportaziokoak eta 206.000 esportaziokoak. Gehien garraiatutako markak hauexek dira: Opel (87.000 ibilgailu), Mercedes eta Volkswagen. Siderurgiako produktuak, berriz, %5 gehitu ziren (1.400.000 tonara iritsi ziren), esportazioko 700.000 eta inportazioko beste hainbeste. Batez ere autoak eraikitzeko bobinak inportatu ziren. Hirugarren merkantzia garrantzitsuena ikatza izan zen, 723.000 tona garraiatu ziren eta. Ikatz gehiena Pasaian dagoen zentral termikora joan zen.

Pasaiako arrantza portuaren jarduera, bestalde, urtetik urtera beherantz doa. Lehengo urtean %12,5 jaitsi zen –esaterako, iaz 11.271 tona arrain bildu zituen eta aurreko urtean 12.873 tona–. Hori gertatzeko arrazoi nagusia antxoaren kalak itxi izana da.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude