Arraio demonio zaila da zuen izena. Ez zen errazagoa lehen zenutena, Ameba alegia?
Gustuko dugu jendeak ahalegina egitea izena ahoskatzeko, Lynyrd Skynyrd bezala. Oso izen bisualak, ikusi orduko irakurri behar ez duzun horietakoak. Gainera, Amebak ez zuen nortasunik ez jarrerarik, izen epela zen, anbiguoa.
Badirudi bigarren lan honetan argiago duzuela norantz jo nahi duzuen…
Bai, Urkamendi blues aurrerapauso handia izan da gure musika izaera definitzeko. Pixkanaka gure lekua ari gara egiten. Baina era berean egunerokoaren garapen bat da, inondik inora ez da deliberatua izan.
“Kanta bat nahikoa da barruan dudana zuri muturrean lehertzeko”… Kantu batekin hainbeste espresatu al daiteke? Askotan gertatzen da, kanta idaztean bete-betean ematea?
Egia da, kantu guztiak dira bereziak guretzat baina batzuk pisu handia hartzen dute. Suposatzen dut hitzekin eman nahi diogun transzendentziaren araberakoa izango dela, baina hori musikarekin, lokalean ateratako feeling-etik dator. Prozesu organiko bat bezala da eta ernaltzen hasten denetik nabaritzen dugu emaitza nondik etorriko den.
Zuzenean guztia ematen duzue. Diskoan berriz, zeren bila joaten zarete?
Diskoa konplexuagoa da, taldeari argazki bat egitea bezala, argazki garesti bat. Une musikal zehatz baten argazkia. Eta denak makinaria zehatz batek bezala lan egin behar du zuzeneko lotsagabekeria grabazioan islatzeko, xedea hori baita.
Hitzetan sentimendu handia dago, eta ia guztiek muturreko egoerak kontatzen dituzte. Hala bizi al zarete?
Bai, sentimenduak hala bizi ditugu. Baina egia da kanta bat idazterakoan egoerak dramatizatze aldera egiten dugula, espresibitatean irabazteko. Musikan nahiz hitzetan gu geu gara, ez dago gidoirik. Kontatutakoak bizipen eta sentimendu errealak dira, gainera metafora gogorrak eta oso bisualak gustuko ditugu.