«Udaletako indar korrelazioa aldatzen ari da Gipuzkoan»

  • Urnieta, 1949. Metalurgiako mekanikaria. EBko kidea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea. Urnietako alkate berria da Urnieta Denon Artean (UDA) taldearen izenean.

    ETA VIn, LKIn eta sindikalgintzan aritua iraganean. Urkainberri baserriko semea. Autobidea jaiotetxearen ondoan pasako dela-eta “konfliktoetako baserria” bezala ezaguna da herrian.

    AHT ere Urnietako lur-eremutik iraganen da. Mila lanetan murgildua orain arte: “Hemendik aurrera hogeita lau ordu ez ditut nahiko izango eguneko lana aurrera ateratzeko” adierazi digu.
Mikel Izagirre
Dani Blanco
Urnietako udalbatza hamahiru zinegotzik osatuta dago: UDAko eta PSEko launak, EAJko hiruk eta ANVko bik. 30 urtez EAJkoa izan da alkatea, azkena Florentino Ugalde: “Herritarren aukera ondo hartu du Ugaldek, onestua izan da. UDAren nahia talde guztien artean udal gobernua osatzea zen, baina arrazoi diferenteengatik denen ezezkoa jaso dugu” diosku Urnietako alkate berri Mikel Izagirrek. Izagirrek ANVren bi botoak jaso ditu.

Zer moduz ekin diozu kargu berriari?


Dena esatera, udalaren funtzionamendu berria martxan jartzea dezente kostatzen ari zaigu. Talde berria garelako batetik, eta bestetik, ezin ditugulako erabakiak alderdiek bezala hartu. Guk erabakiak hartu baino lehen herritarrei kontsultatu nahi diegu, eta horretarako antolatzen ari gara. Alderdiek erabakiak azkar samar hartzen dituzte, beren izaera politikoak bentaja hori ematen die. Guk bestelako izaera dugu, eta herritarren eremu anitzean erabakiak hartzeak “moteltasun” moduko bat dakarkigu.

Zeren ondorioz zara Urnietako alkate?


UDA lau urteko herrigintzaren ondorena da, herri mugimenduko ekintzaileek bultzatua. Hauetako batzuk Gipuzkoan eraiki nahi diren errauts planten aurkako Arnasa plataforman aritu gara. San Markos Mankomunitateko herrientzako ezarri nahi den errauste planta Urnietan jartzea aurreikusi zen. Horrek Urnietan errebolta sozial izugarria piztu zuen.


Zein dira Urnietan landu nahi duzuen politikaren ardatzak?


Gure politikaren ardatza herri ekimena da, gure taldea gizartean errotuta dago –gure taldeko ez den beste jende asko herri mugimenduan ari dela ere azpimarratu nahi dut–. Horrekin kontsekuente izanez, gure programaren oinarria herritarren parte-hartzea da. Lehen urratsa udalerrian herri foroa sortzea da, horretan oso egoskor ari gara. Geure lehen zeregina, funtsezkoa, arau ordezkatzailea –edo subsidiarioa– gaurkotzea da udal planifikazioa gauzatu ahal izateko: etxebizitza, errauste planta, autobidea eta AHT ditugu, besteak beste, lantzeko arloak.


Zer politika landu nahi duzu udal planifikazioa gauzatzeko?


Herri askotan erabakia hartu ondoren informatzen zaie herritarrei, eta leku askotan hori ere ez da egiten. Herritarrek informazioa jaso eta eztabaidatu ondoren euren iritzia jaso nahi dugu. Baliteke udal gobernuak iritzi bat izatea eta herritarrek horrekin bat ez egitea. Kasu horretan, esan bezala, kontsulta egiteko konpromiso morala hartu dugu, herritarrek erabakitzen dutena errespetatuko dugula hitzeman dugu. Beren eraginen bitartez udalaren erabakia aldatu daitekeela kontzientzia izan behar dute herritarrek, horretarako gaitasuna ez duen herri parte-hartzeak ez du sinesgarritasunik.


Etxebizitzaren gaia nola dago Urnietan?


“Herritarrek Urnietan bizitzeko eskubidea dute” idatzita dago gure programan. Udalak formula diferenteak direla medio ahalbidetu behar du herritarren eskubide hori. Gure apustua etxebizitza soziala eraikitzea da: alokairukoak, VPO delakoak edota kooperatibek eginak. Aldi berean, 250 etxe inguru hutsak daude Urnietan eta horiek erabiltzea nahi dugu, merkatuaren legeak behartuko ditu jabeak etxe horiek erabiltzera, alegia, gure egitasmoak ez du merkatu libreko etxebizitza eragotziko horregatik.


Zubietako errauste planta hizpide, zein da Urnietako udalaren jarrera?


Errauste plantaren aurka gaude. Gure proposamen alternatiboa Urnietako udalean erregistratu genuen 2004an Arnasa plataformaren bidez. Arnasak proposatutakoa UDAren programan jaso dugu. Hiru dira zeregin nagusiak: hondakinak gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Guk honi gai organikoaren konpostajea egitea gehitzen diogu, aurreko prozesua ez baita nahikoa. Honetaz gain etxez etxeko bilketa egitea nahi dugu. Hondakinak era jasangarrienean tratatzen ari diren lekuetan konstante hauek ematen dira: lehenik, gai organikoaren konpostajea egitea, beste hondakinetatik bereiztea. Emaitza onenak hondakinen tratamenduan etxez etxeko hondakinen bilketa lantzen duenak lortzen ditu. Emaitza onenak lortzeko ezinbestekoa da prozedura hau. Eta horiek horrela, ehuneko ehunera iristeko %25 falta da.

Nola deusezta daiteke %25 hori?


Zaborraren ehuneko 25aren hondarra biometanizazio prozesu batetik pasaraziz. Gasak kendu ondoren, bio-lehorketa egitea proposatzen dugu, hori da zabortegietan eragozpen gehien sorrarazten dituena. Segidan hondarra konprimitzeko makinetan sartu eta bolumena seitik batera gutxitu daiteke eta gai inerte hori hondakindegietan sartu. Hondakindegiak, esaterako, harrobi hutsak izan litezke.

Gipuzkoa hondakindegiz beteko dela diote batzuek.


Inola ere ez. Guk proposatzen dugun metodologiarekin Gipuzkoan orain erabiltzen diren zabortegi txikienaren herena baino ez genuke behar. Gainera hondakindegietan sartuko liratekeen gaiak inerteak dira. Hori azpimarratu beharra dago.


Bide hori garatzea posible ikusten al duzu oraindik?


San Markos Mankomunitatean indar korrelazioa aldatu da, gehiengoa errauste plantaren aurka dago, baita Deba garaian ere –ANVko zinegotzi baliogabetuen botoa kontuan hartu gabe–. Gipuzkoan udaletako indar korrelazioa aldatzen ari da, herri plataformek Foru Aldundiari kontsulta egitea eskatu diote, baina ez da ausartu; eta gu kontsultak dioena errespetatzeko prest gaude. Errauste planta martxan jarriko dela diote, baina oraindik bide administratibo luzea dauka egiteko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria PSEko Rafaela Romero da, EBren eta PPren botoei esker. Zer dago zuen jarreraren atzean?


EAk gurekiko izan duen jarrera. Aurreko legealdian EAko eta EBko kideek talka egin dugu etengabe. Hauteskundeetako emaitzak ezagututa EAk ez du gurekin hitz egin nahi izan, ezertarako ez. Gu geure borondatez edozein itunetik kanpo geratu garela esan du. Ez da egia. Gu denetaz hitz egiteko prest gaude. EAJrekin luze eta sakon hitz egin dugu. EArekin zergatik ez? Adostasunik ez dugula lortu, hori besterik da. Beren jarrerak aukeraketa hori ekarri du, hau da, guk gurekin bildu nahi ez duenari ez diogu botoa emango, ezta?

Nola hartu dituzu euskara menderatzen ez duen lehendakaria hautatzeagatik egin dizkizuten kritikak?


Lasai. Banekien zer zegoen horren atzean eta gure jarrera zein izan behar zen. Gu aulki batengatik saldu garela esan dute, inola ere ez. EAk gurekin ez du ezer nahi, eta EB-Aralar Batzar Nagusietako mahaitik kanpo geratu behar al da? Alegia, alderdi guztiak mahaian, eta gu, bakarrak, kanpoan.


Batzar Nagusiak osatu dira eta ANVko hamabi batzarkideak kanpo daude. Zer balorazio egiten duzu egoeraz?


Egoera okerra da oso, anormaltasun politikoaren adibidea. PSEk eta EAJk hamaseina batzarkide dituzte. EAk zazpi, PPk eta EB-Aralarrek seina. ANVko batzarkideak legezkoak balira PSEk eta ANVk hamabina lituzkete, EAJk hamaika, EB-Aralarrek sei, EAk eta PPk bosna. Garbi dago zein atera den irabazle.


EAJk eta EAk osatu bide dute Gobernua. Nola ikusten duzu legealdia?


Gobernuak, gutxiengoa izanda, itunak lortu beharko ditu legealdia aurrera ateratzeko.

Norekin?


Akordio ezberdinak lortu beharko ditu. Azpiegituretan PSErekin ziur asko, baina gai sozialetan, nahitaez, gurekin. Bestela Jaurlaritzako hirukoak ez du balio.

Hirukoa amaitze bidean dagoela entzuten da azkenaldion. Krisia Gipuzkoako Batzar Nagusietan sortu da nolabait.


Hirukoak zailtasunak dauzka, baina edozein itunek arazoak izatea normala da. Krisiak izatea aldez aurretik espero behar da edozein koaliziotan. Kontua krisi une horiek gainditzea da, horixe da koska.


Krisi hau gainditzea espero al duzu?


Bai. Bizi dugun egoera politikoan hirukoa euskarri inportantea da, zentralitate politikoa bermatzen du. Alderdi bakoitzaren proposamenak akordio horren baitan aztertu behar ditugu uneon ere. Hirukoa, halere, Jaurlaritzarako akordioa izan zela gogoratu behar da, ez zela diputazioetarako ez udaletarako izan kontuan hartu behar dugu. Adibidez, guk hainbat udaletan alderdi sozialistarekin akordioak ditugu. Guk jartzen dugun baldintza bakarra PP kanpoan geratzea da. Gainerakoa eztabaidagarria da.
Bien bitartean, Batzar Nagusietan gertatua bezala, gerta daiteke PPk eta EBk boto bera ematea. EHAKri Jaurlaritzan horixe gertatu zaio, hau da, PPrekin bat egitea kontrako arrazoiak erabiliz. Hori politikan gertatzen da, akordiorik izan gabe ere. Edonola ere, egoera politikoa aldatzen ez den bitartean hirukoaren apustua aintzakotzat hartu behar da. ETAk su-etena bertan behera utzi izanak areago “behartzen” gaitu akordioak lortzera.

Nola ikusten duzu bake eta normalizazio prozesua uneon.

Bake prozesua delakoaren kudeaketan akats larria egin dugu, hau da, herri eragileak geldi-geldirik egon dira. Herri mugimenduetatik gatozenok egin behar dugun kritika da hori, eta kritika ez zaio alderdiei soilik egin behar: hirukoari, Lehendakariari eta parte hartu duten guztiei egin behar zaie, guri barne. Esperantza gehiegi eduki dugu alderdien mahaietan, ez dugu herriaren presioa nahiko sustatu. Herri mugimenduen garaia da, birmoldaketa emango bada gizarte mugimendua berbultzatu behar dugu, sindikatuen arteko elkarlana barne. Horiek guztiek presionatu behar dute konponbidea lortzeko, bestela berriz ere betiko zurrunbiloan eroriko gara.

EB-Aralar hirukoan ikusten dute batzuek Jaurlaritzan. Hala ere, AHT, errauste planta eta Pasaiako kanpoko portuaren azpiegiturak tarteko, ez al dizue kontraesanik sortzen hirukoan egoteak?


Hirukoa testuinguru politiko berezian sortu zen, arestian esan bezala. Guk hirukoaren estrategiaren barnean geure alternatibak eskaini ditugu: AHT heldu da, baina EB-Aralar tren sozialaren alde dago. Proiektu bakoitzeko alternatiba bat aurkeztu dugu. Errauste plantaren kasuan ere hondakinen tratamendurako alternatibak eskaini ditugu. Pasaiako kanpo-portuan gure estrategia badia berreraikitzea eta onbideratzea da. Hainbat hedabidek eta alderdik denaren aurka egotea egozten digute, guk ukazioaren kontu horiek gezurra direla frogatu dugu alternatibak aurkeztuz.

Ez duzue lan makala oposiziotik Aldundian.


Arazoa, oraindik ere normalizazio politikoa lortu ez izana da, berriz ere zulo beltzean erortzeko arrisku handia dago, ezin indar eta dinamika gehiago liberatu. Baina puntu baikorra eman nahi dut, aurreko legealdian [Juntetxetan] pertsonen garraio publikoan txartel bakarra erabiltzea proposatu genuen. EAk aurkako botoa eman zuen eta orain alde dago. Adibide bat besterik ez da. Askotan eragile sozialen eraginak ez dira segituan eta zuzenean ageri, baina urteen joan-etorrian gobernuan daudenek onartzen dituzte. Lorpen horiek gizarte mugimenduen dinamikak ekarri ditu. Hori da bidea. Egun, esaterako, inork ez du ukatzen orain dela 30 urte ekologista taldeek aldarrikatzen zutena. Orduan aurkako amorratuenek ere arrazoi ematen diete. Orain baina, ziklo sozialak gero eta motzagoak dira eta boterean daudenek ezin dituzte lorpen horiek onartu eta askotan ukatzen dituzte. Botereak lorpenak ukatu ditu edo bestela bere egiten ditu.

ASTEKARIA
2007ko uztailaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude