Txori pelegrinoa... haizearekin libre

  • “Zergatik intelektuala izendatu eta ez literatoa? Bere literatura ideologiaz beteta dagoelako”. Horrela dio Xabier Sánchez Erauskin kazetariak Larrun aldizkarian egin genion elkarrizketan. Liburua idatzi du espainiar idazlearen bizitzaz, José Bergamín. Ángel rebelde (Foca, 2007). Idazle eta pentsalari sailka ezina zaigu Bergamín (Madril 1895 - Donostia 1983). 27ko belaunaldiko fantasma isildua, katu bizkorra, txori librea: “Libre da txoria bere hegaldian, haizeari obeditzen diolako” idatzi zion Erauskini hau kartzelan zela. Autoexilioan utzi zituen bere hezurrak, errepublikano izan baitzen hilobira arte. Omenaldia jasoko du udazken aldera.
José Bergín
Burges jaio zen. Aitak zerriak eta ahuntzak zaintzen zituen Malagako mendietan, baina hirira egin zuenean, jurista ospetsu batek hartu eta mutil gizagaixoa abokatu eta politiko garrantzitsu bihurtu zuen, Madrilgo 1920ko urte zoriontsuetan. Horregatik, José Bergamínek goi-klaseko giroa arnastu zuen txikitatik. Zuzenbide fakultateko errebolten eta kafe bohemioen bizitzan murgildu zen laster. Irakurriz elikatu zuen eskandalizatzeko abilezia eta lagun handiak izan zituen kapitaleko zirkulu literarioetan, 27ko belaunaldiko lagunak. José Bergamín pertsonaia deseroso bezain adeitsua zen, kritika zorrotzak egin zituen orduko literatur aldizkarietan, eta El arte de birlibirloque (1930) liburuarekin, zezenketen munduari dimentsio metaforikoa eman zion.

Idazle konprometitua –“existitzea pentsatzea da, eta pentsatzea konprometitzea”–, ezinegon horrek ardura politikoak hartzera eraman zuen. Errepublika iristear zela, Franco jeneralarekin Zaragozako akademian izandako bilera dugu horren adibide.

 Legaltasunarekin bat egiten zuela esan zion Francok Bergamíni. Gero, idazle madrildarrak “bi aldiz traidore” deitu zion diktadoreari: “zure odolari eta zure aberriari”. Gerra lehertu zenean AEBtan, Sobiet Batasunean eta Parisen ibili zen kultura kontuak toreatzen. Ziutate honetan, Picassori eskatu zion mural bat egiteko Erakusketa Unibertsalerako eta Guernicaren jaiotza pintzelkadaz-pintzelkada ikusi zuen Juan Larrea poeta bilbotarrarekin batera. Bestalde, garai haietako zenbait adierazpenengatik kritika franko egin zizkioten. Izan ere, Bergamín Gobernu Errepublikanoaren alde azaldu zen anarkista eta estalinisten arteko liskarren erdian, eta hori askok ez zioten inoiz barkatu.

Dena galdu zenean, exilioa tokatu zitzaion, Mexikon lehenik –España Peregrina aldizkarian kulturgile exiliatu ugari bildu zituen–, Uruguain ondoren. Platako lurraldean ezin izan zuen barruko arra asetu eta Parisera itzuli zen, bere sorterritik gertu. Azkenik, 1958ko Gabonetan bueltatu zen Madrilera. Bergamín ez zen isilik egotekoa ordea; Caracaseko egunkari batean nahi zituenak eta bi esan zituen diktaduraren aurka, tauromakiaren errekurtso gardenak erabiliz. Frankisten atzaparretan erori aurretik exiliora alde egin zuen berriz, Parisera. 68 maiatz “zoragarriaz” mozkorturik itzuli zen berriro etxera, Franco eta frankismoa gaixorik zeudela.
Madrilgo giroan ito egiten zen baina, eta Euskal Herrira etorri zen, inposaturiko monarkiaren aurkako bere azken “errebolta” egitera. Burges jaio zen, eta disidente hil.

Unamuno maisu zuen aforista aldrebesa

“Isildua izan zen, marjinatua”, dio Erauskinek bere liburuan. Exilioan, Mexikon eta Frantzian laudorioak eta galoiak jaso zituen bitartean, bere herrian apartatu egin zuten, pertsonaia aldrebesa zelako: “27ko generaziokoen artean ez da inon agertzen Bergamín” kexu da kazetaria.

Aitzitik, produkzio literario ikaragarri handia utzi zuen: antzerkiak, saiakerak, poesia –poeta “atzeratua” zela diote–, eta batez ere aipamenak eta aforismoak. Unamuno zuen maisu, gerra aurreko Hondarribiako oporraldietan Hendaian elkartzen zen “don Miguel”ekin eta hitz aspertu haiek betirako markatu zuten idazle gaztea. Unamunoren filosofia eta estilo literariotik edan zuen, hein handi batean, Bergamínek. Alfonso Sastrek 1982an Punto y Horan egindako elkarrizketa batean honela zioen: “Jakina da maisu bat izan zela niretzako, irakasle baten guztiz kontrakoa”. Aforismo bergaminiarra amaigabea da, esaldi bakarrean doktrina bat hankaz gora jartzeko moduko arrazoiak botatzen zituen, ironia eta sarkasmoa erabiliz. Zera esaten zuen askotan: “Ni, komunistekin hilobira arte joateko prest nago, baino pauso bat gehiago ez!”.

Bergaminen hitzetan eta poesian probokazioa eta inkonformismoa aurki ditzakegu, ustekabeko ateraldiak ezin sartu daitezke inongo korrontetan: Fantasma de hoy por hoy, / por ayer y por mañana / a mi no me da la gana / que nadie sepa quien soy! (Gaur egungo fantasma / atzokoa eta biharkoa / niri ez dit gogorik ematen / inork jakiterik zein naizen!). Fantasma, txori edo katu beltzen mozorro artean zorabiatzen gaitu Bergamínek, baina aldi berean “historiari mozorroa kentzen dio”, Maria Zambrano pentsalariaren esanetan.

Sánchez Erauskinek berriki argitaraturiko liburuan honela dio: “Bere maila literarioa, gaitz esanez eta sektarismoez harago, zalantza ezina da. XX. mendeko Espainiako letra gizon handienetako bat da, dudarik gabe”.

“Pekatari baino pikadore”

Asko izan dira salatu dutenak Jose Bergamínek jasandako bazterketa. Rafael Albertik ere halaxe egin zuen eta prosa ederrez deskribatu zuen bere laguna: “pekatari baino pikadore, inkisidore berriren baten surako brasa ona”. Ez zituen Eliza kontuak alferrik aireratu poeta itsasokoak. Izan ere, izaera iraultzaile eta errepublikanoko idazleak “katoliko, apostoliko eta romano”tzat zuen bere burua.

Amaren folklore andaluziarretik zetorkion herentzia sinestuna. Baina katoliko librea zen, heterodoxoa guztiz, laster egin baitzuen Eliza dogmatikoaren kontra: “Teologia deabruaren logika da”, esango zuen gerra aurreko gazte garaian, eta berdin pentsatzen segitu zuen zahartzarora arte. Behin, Joaquin Navarro abokatuaren etxean bildu ziren lagun batzuk, Gabriel Celaya eta Bergamín tartean. Aita Santua Loiolara joatekotan zen egun horietan eta honela esan zuen aforistak denen harridurarako: “Aita Santua hil behar da eta nik nire burua aurkezten dut horretarako”. Noski, Celayak ezin izan zuen afaltzen jarraitu probokazio horren aurrean.

Sinestuna zen ordea, Jainkoan eta Deabruan sinisten zuen eta horrela erakutsi zuen Cruz y Raya aldizkariaren bidez. Beraz, pertsona deserosoa genuen katolikoentzat ere pertsonaia zirikatzaile hau.

Autoexilioa Euskal Herrian, heriotzaren bila

“Gure Errepublika (...) errebelatzen hasi da garbi asko Euskadin, horregatik garrasi bat egin nahi nuke (nire isiltasunarekin botatzen dudan garrasia, nire ahotsarekin baino): Biba Euskadi! Biba Errepublika!”. 1979an Madrilgo Cuatro Caminosen egin zen mitin errepublikarrean aurpegia aldatu zitzaion bati baino gehiagori. Ez zen beroaldi bat izan. Trantsizioko desengainuak jota bota zituen hitz horiek Bergamínek, Madrilgo giro petralaz eta “monarkia frankistaz” nazkaturik.

Euskal Herriko egoera politikoak Errepublikaren ideiak haragitzen zituen bere ustez. Huelvako Fuente Heridosen, atseden hartzen ari zela, zera erabaki zuen: Euskal Herrira etorriko zen, Donostiara. Unamunorekin edo Telesforo Monzonekin ibilitako garaiak gogoratzeko aukera izan zuen horrela, Miguel Castells abokatuak eta alaba Teresak lagunduta. Baina Euskal Herriko azkeneko urteak ez ziren bisita soilak izan, laurogeitaka urterekin Herri Batasuneko mitinetan parte hartu zuen eta Egin egunkarian kolaboratzen jarraitu zuen. Gainera, Sánchez Erauskinen kontrako epaiketan deklaratu zuen Aviranetarena eginez.

“Izango al da Euskal Herria, Pepe, zure bizitza pelegrinoaren zorioneko helmuga?” galdetu zion Sastrek. Hala dirudi, bertan aurkitu baitzuen heriotza: “bera itxaron behar izan gabe”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude