Nahasketak bukatuta eta diskoa New Yorken masterizatu bitartean, taldekideok Ertamerikarantz jo genuen, birari hasiera eman asmoz. Egun batzuk beranduago, Ed Rose ekoizleak kantuak banan-banan bidali zizkigun, posta elektronikoz. Gu etxola batean geunden orduan, Ozeano Barea parean geneukala, Managuan jo berri eta hango berotik ihesi. Portatilean jaso genituen abestiak eta, paisaia paregabe hori lekuko, estreinakoz entzun genituen gerora Jaio. Musika. Hil osatuko zuten abestiak. Diskoa esku artean izango genuen handik gutxira.
Egileari, baina, ez zaio nahikoa kantuak ondu, grabatu eta kaleratzearekin. Ez. Egileari gero beste hainbat gauza eskatuko zaizkio. Besteak beste, bere musika esplika dezan eskatuko dio kazetari petralak, hori posible balitz bezala eskatu gainera. Egilea urduri jarriko da orduan. Erantzuna prestatu gabe badarama, trabatu egingo da ziurrenik; aldiz, aurretik azalpen sakonak prestatuak bazituen, pedante xamar ikusiko du bere burua, topikoak askatuko ditu grabagailu zitalaren aurrean: “Disko helduagoa da” –disko jaioberri bat heldua izan al daiteke?–, “soinu trinkoagoa lortu dugu”, eta abar eta abar. Honi guztiari promozioa deitzen zaio.
Guri ere tokatu zitzaigun honetatik apur bat egitea, munduan zehar jotzen hasi aurretik. Orduan beste fase bat hasi zen, grabaketa milimetrikotik zuzenekoen bapatekotasunera daraman hori. Polita izaten da abesti berri batek sortu eta grabatzen denetik egiten duen bidea ikustea: nola hazten diren batzuk beste batzuk burugogor jartzen diren bitartean; nola jendeak bere egiten dituen zuk esandakoak eta zirrara modukoa sentitzen ahal duzun, nahiz eta aldi berean zeure bakarrik izateari uzten dioten hein batean…
Duela hogeita lau hilabete kantuak banan-banan jaso nituen portatil beretik ari natzaizue idazten. Parean ez dut Ozeano Barerik, baina horrek orain ez du inporta. Kantu horiexek entzuten ari naiz, egun 157 kontzertu zaharrago direnak, neu bezalaxe. Eta iruditzen zait hauetako batzuek behintzat bide egiten jarraitzen dutela oraindik ere. Ez da harritzekoa, izan ere nomada xamar jaio baitziren: Eraso, Kansas, New York, Managua…