argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Maisua eta maisuaren maisua
  • Viajes con Heródoto, Ryszard Kapuscinski.
    (Anagrama 2006)

    Pertsona ona behar zuen idazten zituenak idazteko. Aurrekoak irakurrita horixe sinetsita geunden, on-ona zela Kapuscinski. Hori ustea; ziurtasuna: erreportari eta idazle bikaina zena. Kapuscinskik berak ere esan zuen gainera: Zinikoek ez dute balio ofizio honetarako.
Jon Artano Izeta @jonartano 2013ko maiatzaren 03a
Bihotz-altxagarria da liburu hau. Izan ere bertan deskubritu dugu guk Kapuscinskiri hartutako susmoa barruntatzen duela Kapuscinskik Herodotogatik: “Seguru gizon ona izan zela, patxadosoa, hurkoari laguntzeko prest beti, ezezagunek horrelakoen aurrean baino ez baitituzte agerian uzten misterioak (...) Jendeak ikusi eta deskribatzeko moduagatik, Herodotok gizon onbera eta ulerkorra behar zuen, zintzoa eta irekia. Ez du ez amorru ez gorrotorik”.

Herodoto gidari –”Historiako lehen erreportaria”–, mendebalde ‘demokratikoaren’ eta ekialde ‘barbaroaren’ gatazka orain 2.500 urte gaur bezain gordina zela ikasi dugu. Jauzika 50eko hamarkadan Kapuscinskik, nora eta Indiara joateko, lehenbizikoz muga zeharkatu zuenekoa bizi dugu. “Basoko animalia hirian legez, beldurtuta” gaxte errukarria apurka zailduko da.

Txinan eta, gero, Afrikan urteetan ibili ostean jabetu zen okerreko bidetik zihoala. Okerreko bidea baita irudi ikusgarrien peskizan ibiltzea. Irudirik ikusgarriena ere ez baita nahikoa parapeto, errealitatea ulertzeko ahalegina ordezkatzeko. Orduan hasi bide zen jendearekin hitz egiten, beraien aurpegiei eta jokaerei erreparatzen, zoko-miatzen eta irakurtzen, dena zerbait ulertzeko ahaleginean.

Sendagairik ez duen bidaiatzeko grinaren birusa izan daitekeenaz ere ematen du hipotesia: “Txunditzeko beharra. Agian txunditzen ez den pertsona hutsa dago barrutik; errea du bihotza. Dena déjà vu somatzen dutenengan ederrena hil da: bizitza betea”.

Bidaia, gerra, historia eta antropologia orritan bildutako oparia: Kazetaritzaz eta komunikazioaz ikasgai ederra.