“Euskara ez da lanerako plus baten antzera ikusten”

  • Miren Dobaran 1970ean jaio zen Berangon, Bizkaian. Zazpi urtez eta ekainera arte, herri horretako alkatea izan da. Horretarako, aldi batez bere lanpostua uzteko baimena eskatu behar izan zuen, Uribe Kostako Mankomunitatean. Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskara teknikari ziharduen bertan. Ez da itzuliko oraingoz; martxoan Eusko Jaurlaritzako HPSko Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuten.
Miren Dobaran
Iñigo Azkona

Eguneroko jardunean euskara sustatzea erraza al da? Euskararen aldeko jaialdi erraldoiek beti edukitzen dute arrakasta, baina egunerokotasunean zer?


Euskara eguneroko jardueran sustatzea zaila da benetan. Euskararen jaialdi erraldoien arrakasta aipatzen duzu, baina jaialdi horiek ere jaialdi huts bilakatzen ari dira, tamalez. Zenbat neska-mutil gazte ikusten ditugun gaztelaniaz hitz egiten horietan! Gaztelaniak indar ikaragarria dauka arlo guztietan, eta gazteek eta gazte ez direnek ere errazenera jotzen dugu, ohituragatik, euskararen prestigio ezagatik, eta abar. Orduan, erabilera sustatzea ez da hain erraza. Ume askorentzat, euskara eskolako hizkuntza da, eta eskolatik irten eta gero, gaztelania erabiltzen dute gurasoekin, eskolaz kanpoko jardueretan, aisialdian… Sare hori guztia euskalduntzea zaila da, baina hor dago gakoa. Umeak eskolatik irten eta aukera izan behar du kirola euskaraz egiteko, euskaraz jolasteko… Horretan lan handia egiten ari gara erakundeak. Udaletatik, foru aldundietatik zein Jaurlaritzatik sare hori apurka-apurka euskalduntzeko ahalegin handiak egiten ari gara.

Kultura Sailaren web orrian zuzendaritza horren egiteko zerrenda ageri da. Lehenengoa hau da: euskara normalizatzeko eta hizkuntza ondarea aberasteko ekimen pribatuak sustatzea. Euskararekiko erresistentzia handiak al daude eremu pribatuan?


Bai, izaten dira, euskara ez delako beharrezkotzat jotzen. Euskal Autonomia Erkidegoan euskaraz ez dakien batek ez du euskararen beharrik, ez bada funtzionario plaza lortzeko. Baina euskara enpresa munduan, esaterako, plus bat dela ikusarazi nahi diegu enpresariei, eta baita langileei ere. Kalitate arloan hobekuntza dela ikusten duten heinean, euskararekiko jarrera aldatuz joango da.

Betiko kontua: euskara ez da politikarekin nahasi behar, ez dute alderdi batzuek bereganatu behar… Denek euskara ahoan, ordea.


Euskara ez da politikarekin nahasi behar, eta askotan nahasten da, zoritxarrez. Euskara guztiona da, gure kultur ondarea eta altxorra. Politikarekin nahasten denean, euskara bera da kaltetua, eta alderdi politiko batzuek euren banderatzat hartzen dute. Horrek ez dakar ezer onik.

Zer-nolako harremana daukazue euskararen aldeko lanean dabiltzan gizarte mugimenduekin?


Ona, zalantzarik gabe. Gure ustez, ezinbesteko tresna dira euskararen normalizazio eta sustapenean, beraz elkarlana behar-beharrezkoa da euskararen alde egin nahi badugu. Bakoitzak bere esparrua dauka, ordea. Guri hizkuntza politika diseinatzea dagokigu, eta gure ildo estrategikoak lortzeko beraiek lan ikaragarria egiten dute euren ekintzekin eta hala aintzatesten diegu. Besteak beste, diru-laguntzen zenbatekoa urtero handitzen da; Euskaditik kanpo harritu egiten dira, euskara kontuetarako ematen ditugun kopuruak direla eta.

Denbora gutxi daramazu karguan. Zer erabaki garrantzitsu hartu duzu?


Lehenengo erabakia diru-laguntzak ahalik eta arinen ebaztea izan da, eta dagoeneko ebatzita daude. Sailburuordetzaren helburua lehenengo seihilekoan ebatzita izatea zen. Guretzat ahalegin handia izan da. Ezinbestekoa da euskalgintzan ari diren elkarteentzat ahalik eta lasterren jakitea jasoko dituzten zenbatekoak. Etorkizunerako, gai honetan hobetuz joatea espero dugu, eta nire helburua euskararen alde lan egiten duten gizarte mugimenduekin harreman zuzena eta maiztasun handikoa izatea da. Hurbiltasun hori lortzea, feedback zintzoa, elkarrekin lan egin behar dugulako helburu bera lortzeko, hau da, euskara indartzea eta sustatzea.


Zuzendaritzaren beste egiteko bat: “Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea”. Badugu, oro har, sentiberatasunik? Jende askorentzat euskara oztopoa da, zama, eta oso gutxirentzat beharra.


Lan handia dago egiteko arlo horretan. Euskarak, leku askotan, ez du inolako prestigiorik, ohitura faltagatik, beharrizanik ez dagoelako… Lan munduan, esaterako: oso zaila da euskara normalizatzea beharrizanik sentitzen ez delako. Hor ahalegin handia egin beharra dago eta horretan dabil jo eta ke Erramun Osaren zuzendaritza (Koordinaziorako Zuzendaritza). Euskara, askotan, oztopo legez ikusten da, ez da lanerako plus baten antzera ikusten, ingelesa bezala esaterako. Euskararenganako ikuspegi edo jokabide hori aldatzeko bide luzea egin beharko da, baina bide horri ekin egin behar diogu. Hor daukagu martxan, berbarako, “Ukan birusa” kanpaina, ondo hartua izan dena.

Corpusari dagokionez ere zereginak dauzka zuzendaritza horrek. Hori ez da Euskaltzaindiaren eremuan sartzea? Edo lan osagarria da?


Corpus mota asko dago. Hizkuntzaren erabilera zuzenaz erabakitzea Euskaltzaindiari dagokio, zalantzarik gabe. Baina corpusaren osaera eta etengabeko elikadura erakunde publikoen ardura da, kasu honetan Eusko Jaurlaritzarena. Corpus berezituen kasuan ez da Euskaltzaindia sartzen. Esaterako, zientzia eta teknika corpusa Elhuyar egiten ari da, baina Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzari esker. Nire ustez, Euskaltzaindiak parte hartu behar du oinarriak ezartzen, eta arauak jarri behar ditu, baina corpusak jabetza publikoa izan behar du. Erakunde publikoen presentzia ezinbestekoa da lan hori egiteko, Katalunian gertatzen den bezala. Guri dagokigu gidatzea eta koordinatzea, eta hori ari gara egiten.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude